Argentinako Villa Maria euskal etxeko kultura trukerako izen-ematea zabaldu dute

Argentinako Villa Maria euskal etxeko kultura trukerako izen-ematea zabaldu dute 21 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua dago eta euskal kulturarekin lotutako tailerrak emango dituzte bertan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argentinako-villa-maria-euskal-etxeko-elkartrukerako-izen-ematea-zabaldu-dute/@@download/image/37742993_1922228851408190_2463942361697222656_n.jpg
2022/07/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

21 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua dago eta euskal kulturarekin lotutako tailerrak emango dituzte bertan.
Argentinako Villa Maria euskal etxeko kultura trukerako izen-ematea zabaldu dute
Bi urteko etenaldiaren ondoren, martxan jarri dute berriz Argentinako Villa Maria euskal etxeko Anima Zaitez programa. Villa Mariako euskal etxea 2016an hasi zen elkartruke programa honekin, Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko asmoz. Parte-hartzaileek hamabost eguneko egonaldia egingo dute eta euskal kulturarekin zerikusia duten tailerrak egingo dituzte, euskara, dantza, euskal musika, sukaldaritza edo kirolarekin zerikusia dutenak. 21 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzendua dago programa eta irailaren 24tik urriaren 10era Argentinara bidaiatzeko aukera duten gazteak bilatzen ditu. Aurten, gainera, data aldaketa dela eta, parte-hartzaileek Argentinan egiten den euskal asteaz gozatzeko aukera izango dute.
 
Gazteek honako baldintzak bete behar dituzte: euskaldunak izatea, 21 eta 30 urte bitartekoak, eta euskara eta gaztelaniaz hitz egitea. Horretaz gain, gutxienez honako bi arlotan ezagutzak izan behar dituzte: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza eta euskal musika. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da beharrezkoa titulurik izatea, ezagutza zabaltzeko gogoa besterik ez.
 
Programa Euskal Etxearen eraikinean bertan egiten da, Villa Marian, Cordoban. Erakundeko gazteen familiek eskainiko dute ostatua eta otorduak familiek nahiz euskal etxeak emango dituzte. Gazteek Argentinarako hegaldia ordaindu beharko dute (joan-etorria) eta baita bidaia-asegurua ere. Programarekin zerikusia duten gastuak euskal etxearen kontu izango dira
 
Eskaera abuztuaren 12ra arte egin daiteke. Epea amaitzean, elkarteak ebaluatu egingo ditu guztiak eta erabakiaren berri sare sozialen eta e-mailaren bidez jakinaraziko dute, abuztuaren 13tik 18ra bitartean. Zalantzarik izanez gero, honako helbide hauetara idazteko eskatu dute cvascovm@gmail.com eta animazaitez.cvascovm@gmail.com. 
 
 
Euskal etxearen 70. urteurrena ospatzeko abiatu zen ekimena, Necocheako euskal etxeak 2004tik aurrera antolatzen duen Hator Hona proiektua oinarri hartuta. Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko aukera eman nahi du, distantzian euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den ikusarazteko eta itsasoaren bi aldeetako esperientziak partekatu ahal izateko.