Argazkilaritza sozialaren lehiaketa Getxon

Sarekide erakundeak, Getxoko boluntariotza sustatu eta indartzea helburu duenak, Argazkilaritza Sozialaren IV. Lehiaketa antolatu du bertako boluntariotza eta jarduera sozialekin lotutako egoerak agerian jarri eta gizartean zabaltzeko.
Hamalau urtetik gorako edozein pertsonak har dezake parte, bakarka zein taldeka, eta argazkiek gai sozialekin edo boluntariotzarekin zerikusia duten egoerei buruzkoak izan beharko dute. Argazkiak kamera batekin zein gailu mugikor baten kamerarekin eginak izan daitezke. Horretaz gain, irudi guztiek izenburua eduki behar dute, argazkiari eman nahi zaion esanahia adieraziko duena; egindako lekua zehaztu behar da eta azalpena testu batean ager daiteke, gehienez 100 hitzetan.
Epaimahaiak lanaren sentikortasuna, originaltasuna eta islatzen diren balioak hartuko ditu kontuan, eta baita irudiaren kalitatea, sormena eta balioekin duen kidetasuna ere. Horretaz gain, herritarrek ere bozkatu ahalko dute; argazkiak bidaltzeko epea amaitzen denean, online bozketa abiatuko da eta boto gehien dituzten bi argazkiek epaimahaiaren balorazioan puntu bat izango dute. Argazki hauek Sarekideren Facebookean argitaratuko dira, lanaren izenburuarekin bakarrik eta bozkatzeko epea ezarriko da.
Irabazleak telefono mugikor bat eta argazkilaritza kontuetan gastatzeko 50 euroko txartela jasoko du. Era berean, akzesit sari bat banatuko dute, bat-bateko inprimaketa duen argazki-kamera.
Argazkiak posta elektronikoz bidali behar dira sarekidefoto@gmail.com helbidera irailaren 30a baino lehen. Irudi digitalek ez dute parte hartzailearen identifikaziorik eduki behar eta mezuaren gorputzean edo aparteko agiri batean lanari emandako izenburua, azalpen testua, nahi izanez gero, eta egileen datuak zehaztu beharko dira.
Oinarriak Sarekideren webgunean daude kontsultagai.