Argazkilari minutulariei buruzko erakusketa, Zarautzen

Argazkilari minutulariei buruzko erakusketa, Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argazkilari-minutulariei-buruzko-erakusketa-zarautzen/@@download/image/minutulariak_na_1357805097.jpg
2013/01/10
berria
Minutulariak, halaxe deitzen zitzaien kaxa moduko zurezko kamera altzoan hartu eta herri batetik bestera auzokoei argazkiak egiten ibiltzen ziren argazkilariei. Egungo kamera moderno eta digitalekin ahaztuak ditugu argazkilaritzaren jatorriak, baina Zarauzko Photomuseumean ikusgai den erakusketak omenaldi txikia egin nahi izan die.

Urtarrilaren 8tik otsailaren 17ra bitarte, minutulariak bezala ezagunak ziren argazkilariek egindako irudien bilduma ikusi ahal izango da Zarauzko Photomuseumean.

Argazki xumeak ateratzen zituzten minutulariek, paran jartzen zitzaizkien bezeroak erretratatzen zituzten, eta horiek errebelatu eta finkatu ostean itzultzen zizkieten, haiek albumetan gorde ahal izateko.

Lan zaindua
Minutularien lana ederra bezain zuhurtziaz eta txukun egin beharrekoa zen. Paper bereziak, likidoak, material egokiak, prozedura zaindu eta antolatua… Argazkiak egin eta errebelatzea ez zen kontu erraza.

Baina zuri-beltzezko erretratu ahaztezin horiek izan ziren egungo argazkigintzaren aitzindari, eta gure artean behar duten lekua egin ez badiegu ere, minutularien historiari buruz zerbait gehiago jakin eta haien lanarekin gozatzeko aukera duzue Zarautzen.