Argazki batetik abiatuta, osatu zure testu laburra!

Argazki batetik abiatuta, osatu zure testu laburra! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argazki-batetik-abiatuta-osatu-zure-testu-laburra/@@download/image/argi_hizkiak_ii_1367998124.jpg
2013/05/08
berria
Bigarren urtez abian da ArgIHizkiak lehiaketa, hau da, argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa. Uk aldizkariak eta Egizuk antolatutako ekimena da, Uribe Kostako hainbat eragileren laguntzaz, eta lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31 bitarte izango da zabalik.


Erandio, Sopela, Berango, Leioa, Algorta eta Gorlizko hainbat profesional eta zaletuk egindako hamabi argazki dira aurtengo ArgIHizkiak lehiaketaren oinarrizko irudiak. Izan ere, irudi horietako bat aukeratu eta horri buruzko testu laburra osatu beharko dute parte hartzaileek. Hamasei urtetik gorako edonork eman dezake izena, eta horretarako, lehenik eta behin argazkiak ikustea komeni da; beraz, sartu hemen.

Argazkia hautatukoan, kategoria aukeratu beharko dugu: labur-laburra, hau da, gehienez ere 160 karaktereko testuak; eta laburra, 100 hitzeko testua gehienez ere. Euskara batuan edo beste edozein euskalkitan idatzi daitezke, eta testu mota ere erabat librea da: prosa, olerkia, bertsoa… Halaber, parte hartzaile bakoitzak bi testu bidali ahal izango ditu gehienez ere; kategoria berekoak izan daitezke, kategoria ezberdinetakoak, edota argazki berean oinarritutakoak, norberaren esku!

Parte hartzeko, lehenik izen-emate fitxa bete beharko dute interesatuak, eta ondoren, beren testuak sms, whatsapp edo posta elektronikoaren bidez bidali 619 935 541 telefonora edota argi.hizkiak@gmail.com helbidera.

Sariak
Irabazleen izenak irailaren 9an ezagutaraziko ditu epaimahaiak, eta kategoria bakoitzeko irabazleek 200 euro jasoko dituzte. Bestetik, argazki bakoitzaren inguruan idatzitako testu onenak bildu eta erakusketa ibiltaria egingo dute udazkenean, eta jasotako testu guztiak, azkenik, webgunean argitaratuko dituzte antolatzaileek.

Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere parte hartze zabala eta testu bikainak espero dituzte, eta horietako bat zure izan daiteke. Animatu!