Aretz Iginiz eta Arnaud Heguy: "Elkarlanak goratuko du errugbia"

Aretz Iginiz eta Arnaud Heguy: "Elkarlanak goratuko du errugbia" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aretz-iginiz-eta-arnaud-heguy-quotelkarlanak-goratuko-du-errugbiaquot/@@download/image/2012744274rugbi_1360605411.jpg
2012/07/06
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre
Aretz Iginiz eta Arnaud Heguy: "Elkarlanak goratuko du errugbia"
Baionako Jean Dauger zelaitik 500 metro eskasera bizi dira, etxe bereko solairu banatan. Aviron Bayonnais taldeko jokalaria bata eta Biarritz Olympiquekoa bestea, bizilagunak eta lagunak dira berdegunetik kanpo. abuztuaren 3an, aurrez aurre lehiatuko dira Euskal Herriko Errugbi Kopan.

Aretz Iginiz (Donibane Lohitzune, 1983); 1,88 m eta 116 kg; 2005az geroztik Aviron Bayonnais taldeko jokalaria, oinarria, 1 zenbakiduna. Arnaud Heguy (Baiona, 1985); 1,74 m eta 94 kg; 2005etik 2010era arte Aviron Bayonnais taldeko jokalaria, egun Biarritz Olympiqueko orpokatzailea, 2 zenbakiduna.

Oraindik ikasle eta amateur zirelarik jada elkarrekin zebiltzan errugbian, eta hala segitu zuten 2005ean Baionarekin profesionaletara salto egin zutenean ere, harik eta 2010ean Arnaud Miarritzera aldatu zen arte. Orduan, taldekideak aurkari bilakatu ziren joko eremuan. Baina jakina da errugbian zentzu kolektiboak hartzen duen indarra berezia dela eta harreman estuak sortzen direla, sendoak, iraunkorrak; zinez halakoxea da bi gazte hauen artekoa.

Euskal Herria Kirola elkarteak abuztuaren 3an Donostiako Anoeta estadioan antolatuko duen Euskal Herriko Errugbi Kopan elkarren aurka ariko dira Iginiz eta Heguy, datorren urtean txapelketara talde gehiago ekartzeko ideia duten arren, aurten denbora luzez erakutsitako ibilbideari erreparatuta gure bi talde onenak baizik ez baitira lehiatuko: Baionakoa eta Miarritzekoa.

Biek babestu zenuten aurkezpen prentsaurrekoa. Zergatik da inportantea abuztuaren 3ko zita?

Arnaud: Arrazoi askorengatik. Kirolarion ikuspegitik, garrantzitsua da hurrengo ligari begirako prestakuntza partida izango delako, eta gainera derbia, dakarren ikusmin guztiarekin. Horrez gain, egun honek Hego Euskal Herrian errugbia goratzeko balio dezakeela uste dut, goi mailako partida bat ikusteko aukerak jende asko erakarriko duelako, ziur. Hori ona da.
Aretz: Esandako guztiarekin ados. Akaso gehituko nuke kopa bat edo trofeo bat dagoela jokoan eta, noski, guretzat hori motibagarria dela. Denok nahi dugu irabazlearen harrotasuna guretzat gorde, hurrengora arte.

Euskal Herriko talde onena izendatzea da helburua. Ze aurreikuspen duzue? Egingo dugu kiniela?

Arnaud: Pff... prestakuntza partida izaki, zaila da jakitea nork jokatuko duen, nolako sasoian harrapatuko gaituen... baina ni Miarritzen alde, argi da! 35-28.
Aretz: Horrelakoetan, liga aurreko saioetan, saiatzen gara jokoa asko mugitzen eta, horregatik, puntu asko izaten dira. 27-20 esango dut Baionaren alde. Dena dela, oraingo emaitza ez da izanen Frantziako Txapelketako derbiaren berbera, abuztuaren 3tik 17ra bitarte –liga hasiera– asko aldatzen ahal dira gauzak.

Dena den, batez ere Euskal Herriko errugbia ezagutarazteko festa izango da. Aurten, Europako Challenge Cup-eko txapelduna –Biarritz Olympique– eta Espainiako Kopako txapelduna –Ordizia– euskal taldeak izan dira. Maila ona ez da falta.

Arnaud: Frantziako Txapelketan –Top 14a da Europako liga onenetakoa, onena ez bada, eta mundu mailan erreferente– Euskal Herriko bi talde gabiltza. Gurea da Hegoalderuntz begiratu eta laguntzeko ardura, han errugbiak gora egin dezan. Zergatik ez Hegoaldeko gazteak hona etorri edo gu hara joan entrenatzaile modura? Berez badagoen maila hobetzeko balio dezake eta, beharbada, etorkizunean osa dezakegu talde bakarra, Eskozian edo Galesen bezala.
Aretz: Futbolarekin alderatuta, adibidez, jokalari gutxi gara, baina kalitate aski ona dugu. Baionan eta Miarritzen badira gazte aunitz amateur mailatan jokatzen, nahiz eta gero ez diren denak profesionaletara pasatzen. Hegoaldeko taldeetan badira kanpotar batzuk baina, oro har, bertakoak dira gehienak. Honekin esan nahi dut harrobia egon badagoela.

Eta zer moduzko jarraitzaileak ditugu?

Arnaud: Hegoaldekoak ez ditut hainbeste ezagutzen, baina denok dakigu Baionan eta Miarritzen zale asko badela, eta babes hori garrantzitsua da guretzat. Aurten, Miarritzekin ez dut ezagutu Anoeta, baina Imanol Harinordoki eta beste jokalari batzuek esan didate giroa ikaragarria izaten dela Donostian. Guretzat plazera da euren aurrean aritzea.
Aretz: Esan nahiko nuke badirela, baita ere, gutxi batzuk handik Baionara etortzen direnak... baina hemengo zelaia oso txikia da. Beharbada, Euskal Herrian zelai handiago bat eraikitzea lagungarria izango litzateke, ikusleen eta zelaiaren artean atlestismo pistarik izango ez duena; Bilbon adibidez, han biztanle asko direlako.

Plano pertsonalera etorrita: nola daramazue aldi berean arerio eta adiskide izatearena?

Arnaud: Guretzat hori ez da arazoa. Aurkari garenean, zelaian, aurkari gara, berdin-berdin egiten dugu jokoa. Kanpoan, berriz, elkarrekin ibiltzen gara beti, errugbitik at ere batera egiten dugulako lan. Denari buruz hitz egiten dugu lasai, ondo pasatzen dugu!
Aretz: Gainera, urtean bitan bakarrik aritzen gara elkarren kontra! –barrez–. Tira, aurten hiru aldiz...

Baina, joan den urtera arte taldekide izan zineten Baionakoan. Eta errugbian garrantzia berezia du talde izaerak, lotura sendoak sortzen dira... hortaz, nola bizi duzue aldaketa?
Aretz: Bagenekien ziur aski ez genuela gure ibilbide profesional osoa elkarrekin egingo, eta ongi aski bizi izan dugu. Ez du gure arteko harremana baldintzatu eta, gainera, Arnaud beste talde batera joan izanak aunitz irakatsi digu, errugbiaren ikuspegia zabaldu digu.

[Imajina dezakegu, edozein bizilagunek bezala, hauek ere bestearen atea joko dutela gatz eske, nahiz eta ohitura hauek ere galtzen ari garen azken boladan. Eta galtzerdi, kantzontzilo, galtza... artean Baionako edo Miarritzeko elastikoa ikusiko dute agian bestearen balkoian zabalduta. Etxe aurreko eremuan afaloste luzeak konpartituko dituzte, seguru, hizketaldi gozoz; eta nahi gabe ere bestearen sartu-irten guztien berri dute.]

Elkar hainbeste ezagutzeak zuen alde ala kontra egiten du berdegunean?
Arnaud: Taldekide zarenean, hori abantaila handia da, batez ere postu jakin batzuetan. Guk elkarren ondoan jokatzen genuen, elkarren beharra genuen eta, bistan da, kohesioak egiten du talde bat lehiakor. Aurkariak ezagutzea ere ezinbestekoa da, bestearen indarguneak eta ahulguneak zein diren jakitea lagungarria da.

Hori horrela bada, elkar baloratzeko eskatuko dizuet. Zein dira bestearen indarguneak eta ahulguneak?

Arnaud: –Tarte bat hartu du pentsatzeko– Melean edo uztartzean indar handia du Aretzek, baina bestela, baloia gehiago ukitu beharko luke –barrez–.
Aretz: Bai, nik ere badakit hori.... –barrez–. Uztartzea eta aurreko jokoa aipatuko ditut Arnauden indargune bezala. Aldiz, abiadura gehiago landu beharko luke –barrez–.

[Konplizitatea igartzen ahal da bien artean. Batek hitza hartzen duenean besteak baietz dio buruaz, entzuten ari dena badakiela edo ulertzen duela adieraziz bezala.]

Datorren urteari begira, Euskal Herriko Kopara ahalik eta talde gehien batzea da antolatzaileen asmoa: Ordizia, Donibane Lohitzune, Hernani, Bera Bera, Gernika, Maule, Getxo eta Nafarroa bezalakoak. Balizko Euskal Liga baten antza hartuko luke, eta ez edonolakoa.
Arnaud: Liga ona litzateke, dudarik gabe, baina zailtasunak ere asko lirateke, errugbian maila ezberdintasunak alde handiak markatzen dituelako. Esate baterako, lau dibisioko diferentzia dago Nafarroaren eta Baiona edo Miarritzen artean. Futbolean, adibidez, antolatu liteke halako partida bat, baina errugbian ez da hain egingarria. Haiek amateurrak dira, ez dira hainbeste entrenatzen, eta hau kontaktu handiko kirola da. Ez dut uste talde txikiek irabazten ahalko dutenik handien aurka, eta dangerosa ere izaten ahal da gainera...
Aretz: Ez dakit zer aterako den datorren urteko Kopa horretan. Itzulika eginda agian... argi da, hala ere, bakoitza bere mailan, kalitatea badela.

Demagun badugula euskal liga bat, eta euskal selekzio bat ere bai. Utziko zenituzkete Frantziako Txapelketa eta selekzioa gurean aritzeko?

Arnaud: Gu gazteak gara baina ibilbide profesionala motza izaten da eta, beraz, ez dakit bata eta bestea ezagutuko ote ditugun goi mailan. Momentuz gu honetatik bizi gara, gure lana da eta, maleruski, Frantziako Txapelketatik irabazi behar dugu dirua, ezin dugu utzi beste liga batera joateko. Akaso bietan aldi berean arituta...
Aretz: ...gero, guk Frantziarekin jokatu izan dugu gaztetan, beraz, ez dakit legalki selekzioz aldatzen ahalko genukeen. Bestela, noski, plazerki jongo gara Euskal Selekzioarekin!

Zenbat urterekin erretiratzen da errugbi jokalari profesional bat?

Aretz: 33 eta 35 urte artean uztea izaten da ohikoena.

[Errugbiak Bidasoaren bi aldeetan duen tradizioaz hitz egiten jardunda, hau auzi "kulturala" dela azpimarratu dute behin eta berriz. "Maleruski, bi nazioren menpe bizi gara eta kulturak du egiten desberdintasuna". Frantzia hegoaldean errugbia oso aintzat hartzen den kirola dela diote, eta horrek dedikazioa dakarrela. Ondorioz, Ipar Euskal Herrian herri bakoitzak badu bere taldea. Aldiz, futbolean iaioak diren gazteak Donostiara edo Bilbora mugitu ohi dira entrenatzera. "Kontrako bidea egitea, honanzko norabidean, ona litzateke".]

Dena dela, datorren urtean, lau euskal talde ariko dira Espainiako Ohorezko Ligan: Ordizia, Getxo Artea, Gernika eta, 25 urteren ondoren, Hernani. Ez da marka makala! Suspertzea bizitzen ari al gara?
Arnaud: Frantziako Txapelketa munduko onenetakoa da, eta mugaz bestaldeko hedabideak ere erakartzen ditu. Europako Txapelketako kanporaketekin ere berdin: halakoak han jokatzea oso positiboa da, goi mailak zaleak dakartzalako. Kirol guztiekin gertatzen da: Frantziako Tourra telebistan pasatzen dutenean, adibidez, zenbat gazte ikusten dituzu txirrindula hartzen?! Gure arteko derbia denean ere, Euskal Herri osoak hitz egiten du partidaz. Eragin horrek kirola bera du indartzen, hemen bezala han.
Aretz: Horregatik da garrantzitsua elkarlanean sakontzea. Txikia bada ere, existitzen da eta, bistan da, hasi da emaitzak ematen. Datorren urtean lau izanen dira, baina bost edo sei ere izaten ahal dira. Hamar, hamaika edo hamabi urteko mutikoek, partidak ikusita, probatzeko gogoa eduki dezakete, eta hori da lehenbiziko pausoa. Bestalde, guk emaitza onak lortzea ere komeni da, horrek sinesgarritasuna ematen digulako enpresek dirua inbertitu dezaten.

Baina, zintzo jokatuta, esango nuke, besteak beste, Ordiziak eskuratutako tituluak ere izan duela zerikusia; irabazten dugunean zaletzen garela, alegia! Edozein kasutan, promoziona dezagun errugbia: hiru adjektibo kirol honek ikusleari eskaintzen diona definitzeko.

Arnaud: Apaltasunean oinarritutako giza baloreak ikus daitezke zelaian; plazera ere esango dut, gozagarria delako partida bat segitzea; eta guda.
Aretz: Errespetua irudikatzen du; elkartasuna edo adiskidetasuna ere bai; eta nik ere plazera gehituko dut.

Eta zuei? Zer ematen dizue? Beste hiru!

Arnaud: Plazera, dudarik gabe; festa; eta jokoa.
Aretz: Elkartasuna, apaltasuna, eta jokoa edo lehia noski.

Agian bateren bat harrituko da halako kontzeptuak errugbiari lotuta irakurtzean, kontaktu handiko kirola delako diot... topikoak...

Arnaud: Txikitatik barneratzen ditugun baloreak dira. Argi da guda eta indarra, indarkeria nahi baduzu, hor direla, baina arau batzuen barruan egiten dugu jokoa, eta hori errespetatzen ez duena kanpora doa zuzenean. Justuki kontaktu horrek digu ekartzen errespetua eta laguntasuna, ezin garelako bakarrik ibili, adiskideak behar ditugulako alboan. Gainera, partida bukatutakoan, aurkariak ere lagun bilakatzen dira.

Kirolari profesional askori buruan dabilkion galdera: eta gero zer?

Arnaud: Ja-ja-jaaa!
Aretz: Badugu negozioren bat elkarrekin...

Zer behar du errugbiak behin betiko goratuko bada?

Aretz: Gazte formakuntza giltzarria da mailari eusteko...   
Arnaud: ...bai, baina esango nuke garrantzitsuena betiko baloreei atxikita segitzea dela. Mediatizazioa helduko balitz ere, apal jarraitzea.

Euskal Herria Kirola



Lehendabiziko agerraldi publikoa 2009ko abenduaren 27an egin zuten Donostiako belodromoan, orduko hartan Euskal Herriko Kirolariok gisa. Gaur egungo izena –Euskal Herria Kirola–, ordea, iazko apirilean aurkeztu zuten Bilbon.

Kirolariak batuko zituen bilgune bat sortu eta, era berean, zatiketa administratibo eta ekonomiko itogarria gainditzea izan zen hasieratiko helburua; berezko esparrua jorratzea azken batean, hangoak edo hemengoak izatea ez dadin aurrerantzean oztopo izan elkarrekin edo elkarren kontra lehiatzeko.

Berezko kirol hornidura sortzen dihardute, eta askotariko topaketak eta kopak antolatuz, Euskal Herriko txapeldunen figura sortu nahi dute, nazioartekotasunean antolaketa horren bitartez sartu ahal izateko. “Orain arte gure jendea aldarrikapenarekin lotu izan da; iritsi da unea ezer eskatu gabe egiten hasteko!”, diote.

Momentuz behintzat, kirolari zenbaitek osatzen duten zuzendaritza da eragile nagusia, nahiz eta alderdi tekniko guztiak beren gain hartzen dituzten langileak ere badauden. Hala ere, epe laburrean kongresu bat egitea aurreikusten dute, ildo estrategikoak berezartzeko. Finantziazioa ere izango da hizpide bilkura horretan, orain arte kirolariek arloka emandakoa, merchandising-a eta bezeroak izan baitira diru-iturria. Laguntza administratiboa jorratu nahi dute zentzu horretan; arlo publikoarengandik, oro har, harrera ona izan dutela diote eta, Federazioek hasiera batean jarrera gogorrak erakutsi arren, gero eta errekonozimendu handiagoa dutela han eta hemen.

Euskal Herria Kirolarentzat ofizialtasuna lehentasunezko auzia da eta antzera dauden selekzioekin batera egitura berriak eraikitzen dihardute, bidean beste helburuak ahaztu gabe eta, beti ere, marka politiko jakin bati lotu gabe.