Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Nerea Ibarzabal, Aingeru Epaltza eta Maddi Ane Txoperena dira 111 Akademiaren Saria irabazteko hautagaiak
111 Akademiak 2022 urteko Akademiaren Saria erabakitzeko lehen bozketa txanda egin du urtarrilaren erditik otsailaren 26ra bitarte, eta honako bost lanek jaso dute boto gehien: Arantxa Urretabizkaiaren Azken Etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa, Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori.
Lehenengo bozketa txandan Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eta Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa izan dira lanik bozkatuenak, baina horietako bakar batek ere ez du lehenengo txandan saritun izendatzeko behar den botoen %30 lortu. Beraz, 111 Akademiaren arautegia jarraituz, boto gehien jaso duten bost obrak bigarren txandara pasatu dira.
Bigarren bozketa-txanda izango da orain eta martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40 bereganatuko balu, 111 Akademiak hura izendatuko luke 2022ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke.
