Araia-Asparrenako XXX. Umorezko Antzerki Jaialdia ostiralean hasiko da
Araia-Asparrenako Umorezko Antzerki Jaialdiak hamabi antzerki konpainia ekarriko ditu Araiara abuztuaren 11tik 15era bitartean, eta zortzi antzezlan Arabako beste 23 herritan ere ikusi ahal izango dira. 41 emanaldi izango dira guztira.
Araian Arrazpi Berri kiroldegiak hartuko ditu barruko ikuskizunak, eta 22:30ean izango dira emanaldi guztiak. Ostiralean, Alfredo Sanzolen La Ternura abenturazko komedia erromantikoa ikusi ahal izango da. Hurrengo egunean, hilaren 12an, Vaiven konpainiaren Familia Sarekada euskarazko komedia taularatuko da.
Mariana Collado eta Lucio A. Baglio dantza eta komedia bikotearen MyL2.0 obra antzeztuko da igandean, eta astelehenean, berriz, Las XL-k ikuspuntu feministatik egindako Degenerate mucho antzezlana aurkeztuko du. Azkenik, abuztuaren 15ean, Los Absurdos taldeak Gruyére obra erakutsiko du, bikote batek bankuarekin dauzkan zorrak ordaintzeko biziko duen epopeia kontatzen duena.
Kaleko antzezlanak ere izango dira Aiarako hainbat tokian, dohainik: IdoLoca nafarraren ¡Qué circo de mujer!; La Nördika konpainiaren Candido; Kataluniako Jam konpainiaren L’Actitud; Trapu Zaharra-ren ¡Dale Ramon!; David Vegaren Soñando magia; Jimena Cavallettiren Mecha eta Ramiro Vergazen Whitte bottom.
Umorezko Antzerki Jaialdiaren hogeita hamargarren edizioa ospatze aldera, egitasmoaren ibilbidea irudikatuko duen erakusketa bat antolatuko da edizio guztietako kartelekin, urtez urteko argazki-albumekin eta material grafikoen proiekzioarekin. Erakusketa abuztuaren 12, 13, 14 eta 15ean egongo da irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, Araiako Udalbatzaren Areto zaharrean.
Antzezlan ibiltariak
Araiaz gain, Arabako 23 herrik izango dute Umorezko Antzerki Jaialdiaren kaleko antzezlanez gozatzeko aukera. Aurten zortzi obra taularatuko dira, eta orotara 29 emanaldi eskainiko dira. Araian izango diren kale ikuskizunetako zazpi konpainiek hartuko dute parte, eta baita Ameztu Antzerkia-ren Ipurbeltz antzezlanak ere.
Honako herri hauetan izango dira emanaldiak: Amurrio, Artziniega, Berganzo, Caicedo Yuso, Durana, Domaikia, Espejo, Izarra, Labastida, Lantziego, Laudio, Luiaondo, Maeztu, Manzanos, Montoria, Okondo, Pobes, Ribabellosa, Sabando, Durruma Kanpezu, Villabuena, Iecora eta Zaitegi.
Sarrerak
Barruko obretarako beharrezkoa izango da sarrera erostea www.jaraialdia.com webgunean edo Entradium plataformaren bidez. Ikuskizun bakoitzaren egunean bertan, ordu bete lehenago, ere erosi ahal izango dira ikuskizunaren sarrerak.

