Arabako pintxorik onena

Arabako pintxorik onena Gasteizko Waska jatetxeko 'KM0' pintxoak irabazi du Urrezko Pintxoaren saria. Herritarrek, berriz, La Viña tabernako 'Beldurrak' pintxoa aukeratu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arabako-pintxorik-onena/@@download/image/pintxo irabazleak.jpg
2021/07/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gasteizko Waska jatetxeko 'KM0' pintxoak irabazi du Urrezko Pintxoaren saria. Herritarrek, berriz, La Viña tabernako 'Beldurrak' pintxoa aukeratu dute.
Arabako pintxorik onena

KM0 izeneko pintxoa izendatu dute Arabako Pintxo Asteko irabazle. Gasteizko Waska jatetxeko Carlos Davalos eta Eduardo Ragazzi kideek egindakoa da, bertako produktuak erabiliz. Arabako mendiko moxalarekin egindako pintxoa da, tartufata, shiitake txinatar jatorriko perretxikoa eta foie erabilita. Horrekin guztiarekin hanburgesa osatu dute eta zilindro formako brick pastaren barruan sartu dute. Arrozez egindako olata baten gainean jarri dute eta berau laguntzeko, patata arabarrarekin egindako purea eta boletus, tartufata eta arabar babarrun pikartez osatutako hummusa ipini dute. 

Bigarren postua Gasteizko Kea jatetxeko Maikel Santos eta María Laskibarrek egindako Panseta pintxoak lortu du. Saiheski eta hirugiharrarekin egindako gisatua da, mendafin, erromero eta ezkaiarekin orekatua. Gisatua kristal-ogiaren barruan sartu dute, zurtoin forma emanda, eta txapela boletuse merenge lehorra da, boletus emultsio eta barrengorri gordinez betea.  

Hirugarren postua, berriz, Atabaka jatetxeko Jon Estivariz eta Ander Carrionek lortu dute Mar de Laia pintxoarekin. Itsasoaren muina jaki bihurtu nahi izan dute eta horretarako hainbat osagai erabili dituzte: txibiz egindako gisatua, amerikar saltsa, ganba airbaga, ganbaz egindako ogia, muskuilu-salda, tipula frijitua eta mahats formadun itsasoko alga, besteak beste. 

Arabako Pintxo Asteko lehiaketako finalean Lierni Balantzetegi, Armintz Gorrotxategi, Carlos do Rosario, Vicente Alonso eta  Verónica Montespier aritu ziren epaimahai lanetan.

Herritarren Saria
Gasteizko La Viña tabernako Fran Millanen Beldurrak pintxoak jaso du Herritarren Saria, 1.472 botorekin. Kontsumitzaileek lehiaketaren app-aren bidez emandako bozkekin aukeratu dute pintxoa. Ezkontza pintxo klasikoaren moldaketa da: hegaluzez eta antxoaz betetako bonboi bat, pipar geruza batez estalia, eta, gainean, baratxuri, ozpin, alioli eta pikantez apaindutako ahokada bat duena. 

Ekainaren 18tik 27ra arte luzatu den dastatze fasean kontsumitzaileak liluratu dituen pintxo irabazleaz gain, Qbosq tabernako Itoiz Urretaren Oroimen pintxoa geratu da bigarren postuan, 885 punturekin.

Hirugarren postua, berriz, Gasteizko O'Caralloko Clemente Malvido eta Dani Castrorentzat izan da, Porcoencallado pintxoari esker, 615 puntu lortuta.