Arabako musikari gazteei zuzendutako Gazte Talent Musika Lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute
Gazte Talent musika talde eta bakarlari gazteentzako lehiaketaren hamargarren ediziorako izen-emate epea ireki dute. Araban eta Trebiñun bizi, lan edo ikasten duten 14 eta 35 urte bitarteko pertsonek parte har dezakete.
Lehiaketa musika taldeen eta bakarlarien modalitateetan eta 14-24 urte eta 25-35 urte bitarteko kategorietan egingo da. Taldeen kategorian, kideen % 25ek 35 eta 40 urte bitarte izan ditzakete.
Parte hartu nahi dutenek beren lanaren grabazioren bat aurkeztu beharko dute. Hautaketa-batzordeak lanak aztertuko ditu eta bertako kideek aukeratuko dituzte abenduaren 3an eta 4an Jimmy Jazz aretoan egingo diren zuzeneko kontzertuen fasera igaroko diren taldeak eta bakarlariak. Zuzeneko emanaldiak irekiak izango dira eta epaimahaia egongo da. Horrez gain, entzuleek ere botoa emateko aukera izango dute.
Finalista izateko aukeratutako talde eta bakarlari guztiek 200 euroko saria jasoko dute zuzeneko emanaldietan parte hartzeagatik. Bestalde, irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute kategoria bakoitzeko, eta Gazte Plaza, Araba Euskaraz eta Andre Maria Zuriaren jaietan Falerina Lorategian jotzeko aukera izango dute, ordainduta. Bi accesit egongo dira, bat euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat, eta bestea emakumeen ordezkaritza handiena duenarentzat. Gainera, epaimahaiak talde edo bakarlari bat aukeratuko du, eta Jimmy Jazz aretoan hainbat egunetako egonaldia egiteko aukera izango du.
Musikariek azaroaren 19ra arte eman dezakete izena honako helbide honetan: gaztetalent@gmail.com. Bestela, aurrez aurre eman ahal izango da izena Jimmy Jazz aretoko bulegoetan edota Gazteentzako Informazio Bulegoan.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.
