Arabako irakurketa feminista kluben topaketa egingo dute Kanpezun bihar

Arabako irakurketa feminista kluben topaketa egingo dute Kanpezun bihar Errezitaldiak eta bisita gidatuak izango dira topaketaren ardatza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arabako-irakurketa-feminista-kluben-topaketa-egingo-dute-kanpezun-bihar/@@download/image/albiste irakurketa.jpg
2022/06/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Errezitaldiak eta bisita gidatuak izango dira topaketaren ardatza.
Arabako irakurketa feminista kluben topaketa egingo dute Kanpezun bihar

Laia Arabako ahalduntze feministarako eskolak antolatutako lurraldeko irakurketa feministaren kluben topaketa egingo da bihar Santikurutze Kanpezun. Klub horiek sare bat osatzen dute eta ahalduntze kolektiboa sustatzea dute helburu, irakurketatik abiatuta. Topaketa honekin borobilduko dute irakurketa kluben ikasturte hau. 

Ehun emakumek baino gehiagok eman dute izena Kanpezuko topaketarako. Begoña Abad izango da idazle gonbidatua, eta bere poema batzuk errezitatuko ditu. Irakurketa klubetako emakumeek ere errezitaldia egingo dute, euskaraz. Azkenik, bisita gidatua egingo dute Antoñanako Erdi Aroko hiribilduan eta Vasco Navarroaren Interpretazio Zentroan.

 Hamabi irakurketa klub izan dira martxan 2021-22 ikasturtean: Añana, Aiaraldea, Gasteiz, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Mendialdea, Arabako Errioxa eta Trebiñuko La hora violeta gaztelaniazko klubak; eta Arabako Errioxa, Gorbeialdea, Aiaraldea eta Lautadako euskarazko klubak.

250 emakume baino gehiago biltzen dira hilero, "askotariko literatura tradizio feministari buruz hausnartzeko, partekatzeko, ikasteko eta hitz egiteko". Ainhoa Campo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariaren hitzetan, "horrek gutaz hausnartzera behartzen gaitu, eta emakume feminista garen aldetik batzen gaituenaz jabetzeko aukera ematen digu”.

Irakurketa klubak 2016an jarri ziren abian: lehena, Lautadako Kuadrillan, eta, ondoren, beste kuadrilla batzuk gehitu ziren, baita euskarazko Irakurle Kluba ere.