Arabako Bertsolari Txapelketa datorren astean abiatuko da Amurrion

Arabako Bertsolari Txapelketa datorren astean abiatuko da Amurrion Apirilaren 1ean hasiko da eta ekainaren 11an amaituko da Gasteizen. Hogeita hamar bertsolarik hartuko dute parte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arabako-bertsolari-txapelketa-datorren-astean-abiatuko-da-amurrion/@@download/image/image_large.jpg
2022/03/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Apirilaren 1ean hasiko da eta ekainaren 11an amaituko da Gasteizen. Hogeita hamar bertsolarik hartuko dute parte.
Arabako Bertsolari Txapelketa datorren astean abiatuko da Amurrion

Urtarrilean hastekoa zen Arabako Bertsolari Txapelketa, baina Bertsozale Elkarteak atzeratu egin behar izan zuen osasun egoera tarteko. Apirilean abiatuko zela iragarri zuten orduan, eta hitzorduari eutsi ahal izango diote azkenean. 

Txapelketako lehenengo final zortzirena apirilaren 1ean jokatuko da, Amurrioko Kultur Etxean. Amaiera, berriz, ekainaren 11n emango diote, Gasteizko Europa Biltzar Etxean. Bost final zortziren, hiru final laurden, bi finalerdi eta finala jokatuko dira. Final zortzirenak honako lekuetan izango dira: Amurrio, Biasteri, Trebiñu, Legutio eta Langraiz. Final laurdenak, berriz, Dulantzi, Zigoitia eta Aramaion jokatuko dira. Finalerdiak Araia eta Izarran egingo dituzte, eta finala, lehen aldiz, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria Maeztu auditorioan izango da. 

Arabako 30 bertsolarik parte hartuko dute, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak -Peru Abarrategi, Manex Agirre, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre- eta izena eman duten beste hogeita bost bertsolarik. 2019an finalista izandako Aroa Arrizubietak ez du parte hartuko, kanpoan delako. Beteranoez gain, lehen aldiz kantatuko dutenak ere izango dira zerrenda horretan: Maddi Agirre, Xabier Antia, Ander Aranburu, Iñaki Cabeza, Eukene de los Aires, Unai Gomez, Danel Herrarte, Aitor Najera eta Markel Yoller. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. 

Arabako bederatzi aurkezle arituko dira  hamar saio eta finala gidatzen, eta hamaika gai-jartzaile arituko dira gaiak sortzen eta prestatzen. 

Arabako Bertsolari Txapelketa bertako Bertsozale Elkartearen webgunean, www.bertsoa.eus gunean, edota sare sozialetan jarraitu ahal izango da. Saioetarako sarrerak ere salgai jarri dituzte dagoeneko.