Arabako Antzinako Musika Astea datorren astean hasiko da

Arabako Antzinako Musika Astea datorren astean hasiko da Testua eta hitza izango dute oinarri emanaldietako batzuek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arabako-antzinako-musika-astea-datorren-hastean-hasiko-da/@@download/image/ban-SMA.jpg
2023/08/28
Testua eta hitza izango dute oinarri emanaldietako batzuek.
Arabako Antzinako Musika Astea datorren astean hasiko da

Arabako Antzinako Musika Astearen 41. edizioaren egitarauan hamalau kontzertu, hiru musika jarduera, bi hitzaldi eta proiekzio bat izango dira, irailaren 1etik 10era bitartean. Azken urteetan ohitura den moduan, natur kokapenetan egingo dira ekintzak.

Aurtengo leloa "Hitzetik abiatuta eraikitzen" da eta honela azaldu dute honen nondik norakoa: "Bat ez etortze eta desadostasunetako garai konplexu hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa dirudi gelditzea, geure buruari begiratzeko denbora ematea eta elkarrizketa eraikitzaile bat hastea, lehenik norberarekiko eta gero besteekin. Musika da gure aliatua, isiltasuna, kontzentrazioa, entzutea, elkar ulertzea, barrutik kanporantz ateratzea eta berriz ere barrura itzultzea eskatzen baitu. Izan ere, musika isilunez eta kodez osatuta dago, beste hizkuntza bat izaki. Hizkuntzarik gabe, hitzik gabe, ez dago ez hausnarketarik ez kontzentraziorik".

Programetako askok testua dute beren lanaren oinarri. Juan de Anchieta edo Johannes de Antxieta euskal konpositorearen 500. urteurrenaren harira, Carlos Mena eta David Sagastume kantari gasteiztar espezializaturi egindako enkarguez gozatu ahal izango da. Bi formazio oso desberdinek (lehenengoak organoa du, eta bigarrenak lau ahots eta organoa) joko dute konpositore azpeitiarraren lana. Haren lana beste programa batzuetan ere egongo da, hala nola Armonia Concertadarenean, KEA ahots taldearenean  Tetraphilliarenean eta Ander Telleriarenean.

El León de Oro asturiar abesbatza ospetsua ere Gasteizen izango da eta baita Alicia Amo sopranoa ere, Musica Boscareccia Ensemblearekin batera. 

Testurik gabeko emanaldiak ere izango dira. Jorge Jimenez biolinista barrokoa  arituko da, Tercia Realidad taldearekin, eta Isabel Villanueva biolarekin. Bestetik, Kirmen Uribe idazleak bere bertso eta pentsamenduei ahotsa emango die, Enrike Solinís sortzailearen gitarra lagun duela.

Txikien Astearen baitan, musika eta antzerki ikuskizunak eskainiko dira hiriburuan eta Arabako beste toki batzuetan, hilaren 2an, 5ean eta 8an. Gainera, hilaren 5ean dokumental bat proiektatuko da, eta hilaren 6an eta 7an bi hitzaldi emango dira.

Emanaldietarako gonbidapenak eta sarrerak webgunearen bidez eskura daitezke.