Araba: Kartzela berria, egoera zaharrak

Araba: Kartzela berria, egoera zaharrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/araba-kartzela-berria-egoera-zaharrak/@@download/image/2012431876zigor_1360753269.jpg
2012/04/06
erreportajea
Testua: Zigor Olabarria Salhaketa
Abenduaren 12an, Langraitzen, Gasteiztik kilometro gutxira, Arabako makrokartzela berria inauguratu zuten. Honen aldeko kanpaina bi ideiatan oinarritu zuten. Batetik, berau eraikitzeak zaharra ixtea ekarriko zuela aldarrikatu zuten, eraikina Langraitz herriaren esku utziz erabilera kulturalen bat emateko.

Bigarrenik, espetxe berriak gatibuei luxuzko azpiegitura eta zerbitzuak eskainiko zizkiela argudiatu zuten, modu honetan, inoiz bete ez den helburu teorikoa (birgizarteratzea eta funtzio hezitzailea) egi bihurtuko zelakoan.
Gezurretan ari zitzaizkigula errepikatu dugu behin eta berriro Salhaketatik. Hiru hilabete igarota, hona egoeraren zertzelada zenbait:

Kartzela zaharrak martxan jarraitzen du, irteera baimen ezberdinak dituzten presoak daude bertan. Aurretik ere egoera erabat onartezina zen (arratoiak, masifikazioa, azpiegitura falta...), baina aldaketarekin larriagotu egin da, zerbitzuak presondegi berrira eraman dituztelako eta zaharrean mantendu dituzten atxiloak ahaztuta daudelako bertan. Esaterako, mediku taldea espetxe berrira pasa da eta zaharrean ez dute ordezkorik jarri.

Makro-kartzela berrian ere (Zabaian) panorama kaskarra da oso. Moduluak elkarren artean erabat independenteak dira eta, teknologia berrien aplikazioaren ondorioz, presoek apenas ikusten dute kartzelaririk. Adibidez, ateak elektronikoki zabaltzen dira. Bestalde, modulu bakoitzak bere patio independentea du kartzela zaharrean ez bezala (azken honetan patio bakarra baitago denentzat). Txundigarria: eraikin handian presoek kartzela zahar txikian baino espazio gutxiago dute. Kontrol hutsaren mesedetan, beraz, giza harremanak gutxienera murriztu dituzte. Atxiloak binaka daude jada ziegetan, nahiz eta intimitaterako eskubidearen izenean banaka egotea dagokien. Gainera, kudeaketaz arduratzeko nahikoa funtzionariorik ez dago, eta ondorioz, ekimen soziokulturaletarako modulua eta kirolari loturikoak antolatzeko gunea apenas erabiltzen dira. Zer esango genuke ospitale bat nahikoa medikurik gabe zabalduko balute? Emakumeei jarduera hezitzaile ia guztiak ukatu dizkiete, eta amentzako moduluaren arrastorik ez, beraz, seme-alabarik eduki nahi duen preso oro Euskal Herritik kanpora bidaliko dute aurrerantzean ere.

Finean, oinarrizko eskubideak urratzen dituen, hezitzailetik ezer ez duen eta, aldiz, zigortzailetik dena duen espetxe sistemaren aldeko beste pausu bat. Pobrezia eta disidentzia zigortuz, gizarte injustiziak biderkatzen dituen gizarte eredu baten ispilu eta tresna da kartzela.