Apirilaren 27tik 30era izango da Sormene jaialdia Galdakaon
Sormeneren udaberriko edizioa apirilaren 27tik 30era gauzatuko da Galdakaon, Zaindu maite duzun hori leloa aintzat hartuta. “Gure jardunean, zaintzak bizirautea esan nahi du. Zaindu euskarazko kulturgintza bizi dadin. Zaindu gure sortzaileak eta euren lana euskarazko kulturgintza eta euskara bizi daitezen. Gure jardunean euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina transmititzea zaintza da. Gure jardunean euskaraz sortzeko grina transmititzea zaintza da”, adierazi du Gotzon Barandiaranek, Sormeneren zuzendari artistikoak.
Datorren astekoaren aurretik, ordea, gaur Sormene aurkeztuko zaie galdakoztarrei eta Zizpa gazte konpartsari buruzko Iratxoa behar genuen dokumentala aurkeztuko da, 19:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.
Hurrengo ostegunean ikasleentzako ikus-entzunezko tailerrak izango dira eta, arratsaldean, Bapateko Sormene atalaren barruko ikuskizuna izango da kultur adierazpide askotariko sortzaileekin. Alfonso Medina, Aratxo Angulo, Beñat Armentia, Gaizka Chamizo, Garazi Arrese, Ione Ibarretxe, Karlos Aretxabaleta Txapel, Marijose Bayon, Naroa Larriba, Nerea Larrazabal eta Shakti Olaizola sortzaileek hartuko dute parte.
Ostiralean, hilak 28, ikasleentzako arte plastikoen tailerra egingo dute eta horma-irudi ibiltaria sortuko dute, Karmele Gorroño galdakoztar artista plastikoarekin batera. Arratsaldean, Oihana antzezlana eskainiko dute.
Larunbatean, hilak 29, hogeita hamar minutuko emanaldiak egingo dituzte Galdakakoko hainbat gunetan: Akëer musika taldearen emanaldia; Galdakaoko Divenire dantza eskolakoen dantza erakustaldia; balkoitik balkoirako bertso saioa; Fani, Herbas, Marta eta La Basu rap kantarien saioa. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko musikariak lagun, leku batetik bestera kalejira izango da. Gauean, 21:30ean, Taupada dantza eskolak ikuskizuna eskainiko du, dantza bertikala eta zorukoa uztartuta.
Igandean, hilak 30, BideoSormene rallyean aurkeztuko diren laburmetraien proiekzioa eta sari banaketa egingo da, 18:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.
Egitarauaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.

