Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea 74 bertsolarik hartuko dute parte eta hogei saio izango dira guztira, Eskoriatzan hasita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/apirilaren-25ean-hasiko-da-gipuzkoako-bertsolari-txapelketako-sailkapen-fasea/@@download/image/image_preview.jpeg
2024/04/09
74 bertsolarik hartuko dute parte eta hogei saio izango dira guztira, Eskoriatzan hasita.
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea

Gipuzkoa Bertsotan apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2ra bitarte hogei saio jokatuko dira, bi itzulitan. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegun eta ostiraletan, eta bigarrenean, berriz, zortzi, larunbat eta igandetan.

Sailkapen fasearen irudia Unai Gaztelumendik egin du eta bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak ageri dira, behean Uztapide duela. "Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak", azaldu dute antolatzaileek. Gainera, 50 urte dira Gipuzkoako lehen bertso-eskola sortu zela.

74 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoa Bertsotan-en, tartean hauek: Aitor Tatiegi, Ane Beloki, Ane Zuazubiskar, Aner Peritz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, German Urteaga, Gorka Maiz, Haizea Arana, Iker Ormazabal, Irati Arakistain, Jon Mendiluze, Julene Iturbe, June Aiestaran, Maialen Akizu, Maider Arregi, Manu Goiogana, Mikel Etxezarreta, Oihana Arana, eta Uxue Alkorta. Hamabost gai-jartzaile eta zortzi epaile ere arituko dira gaiak sortzen eta bertsolarien lana puntuatzen. Dozenaka bertso eskola eta beste hainbat lagun ere buru-belarri arituko dira lanean.

Lehen fasean izena eman duten 74 bertsolarietatik 48 pasatuko dira bigarren itzulira. Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela, aldiz, 34k lortuko dute.

Lehen saioa Eskoriatzan izango da apirilaren 25ean, eta hurrengo egunean Gabirian eta Zestoan izango dira bertso saioak. Azken saioak ekainaren 1ean eta 2an egingo dituzte, Ataunen, Elgetan, Hernanin eta Soraluzen. Egutegi osoa hemen kontsulta daiteke.  Saio bakoitzaren ondoren afari-merienda antolatuko dute tokian tokiko bertso-eskolek. 

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.