Apirilaren 25 eta 26an egingo dituzte aurten Udaltop topaketak

Apirilaren 25 eta 26an egingo dituzte aurten Udaltop topaketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/apirilaren-25-eta-26an-egingo-dituzte-aurten-udaltop-topaketak/@@download/image/udaltop_1365411987.jpg
2013/04/08
berria
Apirilaren 25 eta 26an egingo dituzte aurten Udaltop topaketak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lasarte-Oriako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuodetzak eta EUDELek antolatuta, aurten bosgarren urtez egingo dituzte Udaltop topaketak, udaletako euskara-zerbitzuen jardunaldiak, alegia. Apirilaren 25 eta 26an izango dira, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.


Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin euskaraz ikus gaitzaten? Horiexek izango dira aurtengo Udaltop topaketetara hurbiltzen direnek landuko dituzte gaiak; hitzaldietatik haratago, gainera, ezagutzak eta hausnarketak konpartitzeko eta eztabaidatzeko gune bilakatuko da Lasarte-Oroako Manuel Lekuona Kultur Etxea apirilaren 25ean eta 26an, osteguna eta ostirala, jardunaldien bosgarren edizio honetan.

Deialdia irekia da, eta gaian interesa duen edonork har dezake parte. Horretarako, apirilaren 19a baino lehen eman beharko du izena, webgunearen bidez, eta 80 euroko inskripzioa eginda bi eguneko bazkaria eta ekintza guztietarako sarbidea izango ditu.

Esperientzietatik abiatuz
Euskara zerbitzuen artean esperientziak trukatzea, esperientzia horiek hobetzeko ideiak mahai gainean jarri eta horiei buruz hausnartzea, eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzea dira topaketen oinarrizko printzipioak. Horretarako, bertaratzen direnek errazago lan egin ahal izan dezaten, hizlarien testuak aldez aurretik webgunean zintzilikatuko dituzte antolatzaileek, eta beraz, parte hartzaileak materiala eskuartean dutela iritsiko dira jardunaldietara.

Besteak beste, Info7 Irratiko Nekane Zinkunegi, Maite Bidarte eta Ainhoa Lasa, edota Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabal izango dira hizlariak.

Hala, aurkezpen eta mintzaldiei adina denbora eskainiko diete eztabaida eta elkarrizketa tarteei, eta jardunaldi praktiko eta arinak egingo dituzte, euskara teknikari nahiz euskararekiko ardura duten herritarrentzako interesgarriak. Haiei ere, hain zuzen, galdegingo diete zeintzuk diren tratatu nahi dituzten puntuak.

Teoria, ikerketa eta esperientziatik datozen ekarpenak uztartu eta emaitza bideragarrienak praktikan jarriko dituzte. Animatu!