Apirilaren 12ra bitarte luzatu dute Nontzefilmak bidaltzeko epea

Apirilaren 12ra bitarte luzatu dute Nontzefilmak bidaltzeko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/apirilaren-12ra-bitarte-luzatu-dute-nontzefilmak-bidaltzeko-epea/@@download/image/nontzefilmak_ba_1359368977.jpg
2013/01/28
berria
Urtero bezala, urte hasierarekin batera iristear da Nontzeberri.com kultura atariak Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdiaren laguntzarekin antolatzen duen Zinema eta Animazio Film Laburren Lehiaketa. Parte hartu nahi baduzu, oraindik ere garaiz zabiltza, hasiera batean apirilaren 12ra bitarte luzatu baitute lanak bidaltzeko epea. Beraz, animatu eta parte hartu!

Jaioterriaren, bizilekuaren eta adinaren mugak hautsita interesa duen guztiarentzat zabalik da Nontzefilmak Zinema eta Animaziozko Film Laburren Lehiaketa. Bideoa –arauetan zehaztutako formatuan– eta filmaren irudi adierazgarri bat bidali beharko ditu lehiaketan parte hartu nahi duen guztiak, webgunean izenemate orria bete ondotik.

Lanak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko eta azken eguna apirilaren 12a izango da. Euskarazkoak zein gaztelerazkoak ez diren lanek azpitituluak edukitzea derrigorrezkoa ez bada ere, antolatzaileek hori egiteko gonbita luzatzen diote partaideei eta, horretarako antolatzaileen babesa izango du interesa duen orok.

Aurkeztutako lan guztien artean sari potoloak banatuko dituzte, eta Aukeraketa Batzorde batek gainera, hainbat film aukeratuko ditu Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdian proiektatzeko. Epaimahaiak hala erabakiz gero, aukera dago sarietako edozein eman gabe gelditzeko.

Zinema eta animazioa maite badituzu, hemen duzu aukera, ibili bizkor eta parte hartu! Lehiaketaren inguruko informazio eta arau guztiak eskuratzeko atxikita doaz arauak eta ikusi Nontzeberri.com.

Sariak:


- Nontzefilmak Zinema Saria lan onenari: 1.000 euro
- Nontzefilmak Zinema Saria Euskal Herriko lan onenari: 1.000 euro
- Nontzefilmak Animazioko Saria lan onenari: 1.000 euro
- Nontzefilmak Animazioko Saria Euskal Herriko lan onenari: 1.000 euro
- Euskaraz eginiko lan onenari (zinemakoa zein animaziokoa) 1.000 euro