'Antzezmetraia' eta 'Espazioa' diziplinarteko proiektuak garatuko dituzte TopAraba egitasmoaren baitan

'Antzezmetraia' eta 'Espazioa' diziplinarteko proiektuak garatuko dituzte TopAraba egitasmoaren baitan Lehenak zinema eta antzerkia uztartuko ditu, eta bigarrena, berriz, LH-ko haurrei zuzendutako elementu askodun obra eszenikoa izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antzezmetraia-eta-espazioa-diziplinarteko-proiektuak-garatuko-dituzte-toparaba-egitasmoaren-baitan/@@download/image/TopArabakoSortzaileak2022-2048x1536.jpg
2022/05/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehenak zinema eta antzerkia uztartuko ditu, eta bigarrena, berriz, LH-ko haurrei zuzendutako elementu askodun obra eszenikoa izango da.
'Antzezmetraia' eta 'Espazioa' diziplinarteko proiektuak garatuko dituzte TopAraba egitasmoaren baitan

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren aldiz jarri dute martxan TopAraba egitasmoa, sortzaile arabarrei euskarazko kultura sormenean lagundu, berrikuntza suspertu eta sortzaileen artean sareak sortzeko helburuz. Otsailaren 12an egindako topaketan diziplina ezberdinen arteko egitasmoak garatzeko osagarriak landu zituzten eta sortzaileen arteko saretzea ere bultzatu zen. Bi talde sortu dira hortik, eta hauek aurkeztutako proiektuek irabazi dute.

Alde batetik, Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen Antzezmetraia lana izan da aukeratuetako bat. Diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezkoak sortzeko proiektu kolektiboa da. Proiektu pilotu gisa, eta esperimentazioaren bitartez, ikus-entzunezko lanak sortuko dituzte lauren artean, zinema eta antzerkia uztartuta. Horrez gain, prozesu eta metodologiaren aplikazioa erakusten duen making-off-a ere grabatuko dute. Partaide bakoitza esparru ezberdinetik datorrenez, ekarpenak eta lan egiteko erak "anitzak" izango direla adierazi dute. Beñat Fontaneda, zinema zuzendaritzan, gidoilaritzan eta edizioan aritu da; Aitor Vinagret antzerkian antzezle sortzaile eta zuzendari; Josune Velez de Mendizabal antzerkian ekoizle eta sortzaile/antzezle; eta Ainhoa Imaz komunikazioan eta kultur kudeaketan gidari. 

Bestetik, Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen diziplina arteko Espazioa lana izango da bigarren proiektua. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra eszenikoa da, antzerki, zinema, magia eta musikaz osatua. Lan honetako protagonista astronauta bat da, espazio-ontzia Lurraren parean aparkatuta duena. Bertatik, gure planetak gaur egun dituen konplexutasunei aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa ditugun alternatibei buruzko hausnarketa egiten du; horretarako, konexio ezberdinak sortuko ditu adiskide eta hain adiskide ez diren lurtarrekin. Hezkuntza-eremurako ere proiektu interesgarria izan dadin, Espazioa lanak hainbat material pedagogiko sortuko ditu, osasun mentalaren, pedagogiaren edo Garapen Iraunkorreko Helburuen arloetako profesionalekin batera. 

Momentu honetan euren proiektuak garatzen ari dira eta horretarako dirulaguntza ere jasoko dute. Hamabi hilabeteko epea izango dute gauzatzeko, eta aurkezpen publikoak egingo dira gero.