Antzezlan amateurra eskainiko dute Muskizko Muñatones gazteluan

Antzezlan amateurra eskainiko dute Muskizko Muñatones gazteluan Gazteluan bertan antzezteko sortutako ikuskizuna da, eta 12 eta 82 urte bitarteko ia ehun muskiztarrek parte hartuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antzezlan-amateurra-eskainiko-dute-muskizko-munatones-gazteluan/@@download/image/757019674_202205251122461538202_22652.jpg
2022/05/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gazteluan bertan antzezteko sortutako ikuskizuna da, eta 12 eta 82 urte bitarteko ia ehun muskiztarrek parte hartuko dute.
Antzezlan amateurra eskainiko dute Muskizko Muñatones gazteluan

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako MusEkintza Jaialdiak antzerki-emanaldi bat eskainiko du bihar, maiatzak 28, eguerdiko hamabi eta erdietan, eta Hortzmuga Teatro konpainiaren eskutik MusEkintzak antolatu dituen tailerretan parte hartu duten hogei bat lagunek jardungo dute Zai Zoi Bele Batukada Feminista taldearekin, Intzarri herriko dantza taldearekin eta Muskizko txikiteroen taldearekin batera.

Muñatones: Gogoan antzezlana honela deskribatu dute: "Bidaia hunkigarria da, sentsazioz, paisaiaz, sentimenduez, aurkikuntzez, galerez, oroitzapenez eta oroimenez betea, ibilbide honen anfitrioiak diren Memoria andreak eta Historiko jaunak gidatuko dutena". Gazteluan eta inguruetan berebiziko garrantzia izan zuten gertaera batzuk izango dituzte abiapuntu, fikzioa eta errealitatea nahastuz. Herriko kultur elkarteak eta 12 urtetik 82 urtera bitarteko aktore amateurren taldea aritu dira sorkuntza lanetan.

Bertaratu nahi duenak, aldez aurretik erreserba egin beharko du, ekitaldia egingo den museora deituz edo mezu elektroniko bat idatziz. 

Bizkaiko Museoetako arte eszenikoen jaialdiak ikuskizunak eskaintzen ditu hileko azken larunbatetan foru museoetan, hala nola, Balmasedako Encartada Fabrika Museoan, Muskizko El Pobal burdinolan, Bakioko Txakolingunean, Gernikako Euskal Herria Museoan, Bilboko Arkeologi Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Muñatones Gazteluan.