Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketak egingo dituzte irailean, Garaion Sorgingunean
Garaion Sorginguneak eta EHAZEk Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa antolatu dute irailerako. Antolatzaileen hitzetan, topaketa hauen helburua "arte eszenikoen baitan elkargune feminista bat sortzea da". "Elkar ezagutzeko eta gozamen eta hausnarketa kolektiborako espazioa" izango dela nabarmendu dute.
Topaketak irailaren 11n eta 12an izango dira, eta emakumeei eta genero disidenteei zuzendutakoa da. "Garaioneko txoko ederretatik, arte eszenikoetako topagune feministen gainean hausnartzeko aukera izango dugu. Paseo eta tertulia artean, horrelako espazio kolektiboetako bizipenak konpartitu, eta etorkizun hurbil batean nolako topalekuak nahiko genituzkeen elkarrekin irudikatzeko zirrikitua izango da hau", azaldu dute eragileek.

Irailaren 11n, 20:30ean, elkartuko dira partaideak, eta afari feminista egingo dute. Ondoren gaubela berezia izango da Ane Guebara ipuin kontalariarekin. Hurrengo egunean 09:00etan gosaldu, eta jarraian, 10:00etatik 12:30era, goizeko saioa eta agurra izango da.
Partaide bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu, afaria, lo lekua eta gosaria barne. Ordaindu ezin duenak ere izena emateko jakinarazi dute. Izen-ematea ehaze@ehaze.eus helbidean egin behar da, abuztuaren 30a baino lehen. Argi izanez gero, ahalik eta azkarren egiteko eskatu dute. Euskara lehenetsiko da, baina beste hizkuntzetako hiztunei irekita dago. Euskaraz erraztasunez komunikatu ezin dutenek aldez aurretik abisatzea komeni da, egoera kontuan hartu eta nola egin adosteko.
Behar baten aurrean izandako erantzuna
EHAZEko kide den Eneritz Artetxe Aranazek emakumeek euskarazko antzerki sorkuntzan duten presentziari buruzko ikerketa egin zuen 2018an. Urtebete geroago, EHAZEK Karanbola hirukoitza argitaratu zuen, ikerketa hori oinarrituta hartuta. Bertan euskarazko antzerki sorkuntzak emakumeek duten presentzia, egoera eta lekua aztertzen da, hainbat emakume sortzaile eta aktorerekin egindako solasaldi eta elkarrizketak tartean direla.

Liburuko edukiak partekatzeko eskaera jaso zuen EHAZEk hainbat elkarte eta zentroren aldetik, eta hori dela eta, Maringuruak izeneko hitzaldi musikari-poetiko-performatiboa egin zuten 2020an eta 2021ean. Hark izandako harrera ona ikusita, proiektuak nolabaiteko jarraipena izan behar zuela erabaki zuten, antzerkilari eta antzerkizale feministen artean saretzeko espazio baten beharra zegoelako. Hortik sortu ziren 2022an eta 2023an Garaion Sorgingunean (Ozaetan) egindako Antzerkizale Feministen Topaketak.
