Antzerkia eta dantza Donostian gaur eta bihar

Antzerkia eta dantza Donostian gaur eta bihar Geure barnera bidaiatzeko aukera emango digute Oymyakon antzezlanak eta HÂMAÏKÁ dantza ikuskizunak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antzerkia-eta-dantza-donostian-gaur-eta-bihar/@@download/image/AZ_Oymyakon 1.jpg
2021/09/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Geure barnera bidaiatzeko aukera emango digute Oymyakon antzezlanak eta HÂMAÏKÁ dantza ikuskizunak.
Antzerkia eta dantza Donostian gaur eta bihar

Irailetik aurrera bereziki mugitzen hasten da kultur eszena, udan ere ekitaldiak izaten diren arren. Hain zuzen ere antzerkia eta dantzarekin lotutako bi ikuskizun eskainiko dituzte Donostian gaur eta bihar. Alde batetik, Oymyakon:101 gela antzezlana izango da gaur eta bihar, 20:00etan, Antzoki Zaharrean, eta, bestetik, HÂMAÏKÁ izeneko dantza ikuskizuna izango da bihar, 19:00etan, Gazteszenan. 

Oymyakon obraren izenaren jatorria Siberiako ekialdeko herrixka txiki bat da. Yakuto hizkuntzan, “izozten ez den ura” esan nahi du. Munduko leku habitatu hotzena da. 101 gela, berriz, George Orwell-ek sortutako 1984 eleberriko Maitasunaren Ministerioaren logela bat da, torturarako gela, non susmagarri direnak sufrimendu ikaragarrienak jasan beharko dituzten. Bi erreferentzia hauek hartuta, antzezlanak gure barne espazioa irudikatzen du, geure buruarekin aurrez aurre topo egiten dugun lekua, beldur eta desira aipaezinak ezkutatzen diren tokia. 

Hiru pertsonaia dira protagonistak: Jarry, bakarrik egotearen beldur dena eta abestiak eta bere emaztea soilik gogoratzen dituena; Isbel, dantzari ohia eta alaba istripu batean galdu zuena; eta Elba, emakume talentudun eta arrakastatsua, istripu batek bizitza aldaraziko diona. Arrate Etxeberriak, Miren Gaztañagak eta Txubio Fdez. de Jaureguik gorpuzten dituzte Khea Ziater konpainiaren film eszeniko honetako hiru pertsonaiak.

HÂMAÏKÁ dantza ikuskizuna, berriz, lau dantzarirekin osatu dute, itsu dantzatzen dutenak eta sokez baliatuko direnak euren burua gidatzeko. Ikuskizunak fikzioa eta errealitatea ukitzen du eta geure burua begiratzera bultzatuko gaitu. 

Cielo Raso Euskal Herriko dantza konpainia da, bertako identitatea eta garaikidetasuna uztartzen dituena. Tradizioa, gorputzaren indarra, erresistentzia, borroka primitiboa, sinbologia eta poetika ditu oinarri. 

Dantza ikuskizunerako sarrerak agortuta daude baina antzezlanekoak hemen eskura daitezke.