Antzerki sorkuntzarako beka deialdia

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren baitan. Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua.
Guztira 23.000 euro jasoko ditu irabazleak, eta antzezlana sortzeko Azpeitiko Dinamoa sormen gunea erabiltzeko aukera izango du taldeak. Antzezlana, berriz, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute, eta bekaren antolatzaileek gutxienez beste hamar emanaldi ere lotuko dituzte. Hori dela eta, herri txikietako azpiegurak nolakoak izan daitezkeen kontuan hartuta, antzezlana antzokietarako zein areto txikiagoetarako moldatzeko modukoa izan beharko da. Bekaren deialdia egin duten hiru erakundeen asmoa antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea da, beti ere baldintzak eta egutegia antzerki taldearekin adostuta.
Edozein antzerki talde aurkez daiteke bekara, eta proposamenak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, fisikoki edo digitalki. Deialdira aurkeztutako lanak aztertu ondoren, epaimahaiak abenduaren 3an jakinaraziko du bekaren irabazlea zein den.
Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera altuko udalerriak dira. Kanpainaren sustatzaileen hitzetan, "garrantzi handia dute euskararen biziberritzean, besteak beste beraien eredugarritasunagatik, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi modu naturalean trasmititzeagatik eta bertako herritarrek euskara zabaltzeko duten gaitasunagatik".