Antzerki-pieza laburren ekoizpena sustatzeko laguntza

Bilboko Udalaren babesarekin, Lautan Hiru antzerki jaialdiaren hirugarren edizioa egin du aurten Euskaltzaindiak, Bira Kultura, Cafe Bar Bilbao eta 7Katu gaztetxearekin elkarlanean. Maiatzean izan zen jaialdia eta orain antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza plazaratu du bigarrenez Euskaltzaindiak. Honen helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, batez ere pieza laburren sorkuntzari lagunduz. Horrez gain, hautatutako lana jendaurrean estreinatzeko aukera ere emango zaio sarituari, epaimahaiak hala erabakitzen badu.
Antzezlanek gehienez ere 30 minutu eta gutxienez 15 minutuko iraupena izango dute. Horretaz gain, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta estreinatu gabeak izan beharko dute. Bakarrizketak ere onartuko dira eta lanak areto txikietan antzezteko modukoak izango dira, hau da, formatu txikikoak eta giza baliabide eta beharrizan tekniko gutxi eskatzen dutenak.
Saria lortzen duenak 700 euro eskuratuko ditu eta beste hainbeste jasoko du epaimahaiak antzezlana 2022ko Lautan Hiru jaialdian estreinatzea erabakitzen badu.
Gidoiak bidaltzeko epea urriaren 15ean amaituko da. Parte hartu nahi dutenek honako hauek bidali beharko dituzte info@euskaltzaindia.eus helbidera: taldearen izena, jatorrizko testua, antzezlanaren zuzendariaren eta gidoilariaren izenak, antzezleen izenak, laburpena, gutxi gorabeherako iraupena eta antzezteko tokiaren ezaugarriak eta beharrizan teknikoak. Piezaren bideo laburra, lagina, helaraztea ere lagungarria litzatekeela jakinarazi dute.
Oinarriak Euskaltzaindiaren webgunean daude jasota.