Antton Telleriaren "Nekatutak" Youtuben ikusgai

Barre eginaraztearen helburua zuen bakarrik, eta ederki lortu zuen, bi urtez, Euskal Herriko txokoak Nekatutak bakarrizketarekin bisitatuz. Zuzentasuna alboratuz, delikatuak izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatzen zituen bertan: psikologoak, ETA, Ertzaintza eta, nola ez, polemikoenak: irakasleak.
Orain, ikusi eta entzundako hori gogoratu nahi baduzu edo lehenengoz ikusi, Antton Telleriaren lehendabiziko komedia ikuskizuna Youtuben gozatzeko aukera dago. Ezin bestela, Nekatutak-Grabatutak jarri dio izena. 2023ko martxoaren 4an grabatu zen Donostiako Antzoki Zaharrean.
Berak dioen moduan: "Ikusi, partekatu, egin barre eta ordaindu. A ez. Debalde da. Orduan, ikusi, partekatu eta egin barre. Antton Telleriak eskertuko dizu. Eskertuko dizut".