Antolatu zure nabigazioa

Antolatu zure nabigazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antolatu-zure-nabigazioa/@@download/image/70p52.jpg
2007/01/05
erreportajea
Gorka Julio
Antolatu zure nabigazioa
Zenbat aldiz gertatu zaigu, web orri interesgarri bat aurkitu, eta gero helbidea zein den ahaztea? Zenbat aldiz apuntatu dugu web orri baten helbidea, eta ondoren, galdu? Askotan, esango nuke. Gaur egun, web orri interesgarriak gorde, sailkatu eta trukatzeko tresnak ditugu sarean, eta euskaraz, gainera. Horietako bat azalduko dizuegu gaurkoan: bildu.net 

Zer da bildu.net?
Laster-markak (lotura interesgarriak, alegia) gordetzeko webgune bat da Bildu.net. Kontu bat sortu eta berehala, erabiltzen hasteko aukera ematen du. Ondoren, gure laster-marka interesgarriak gorde ditzakegu bertan, eta hartara, ez dugu gure ordenagailua erabili beharrik izango, web orri horietara sartu ahal izateko. Bildu.net-ek Scuttle (www.scuttle.org) software librea erabiltzen du gunea eraikitzeko, eta del.icio.us (http://del.icio.us) ingelesezko tresnaren ideian dago oinarritua. Bildu.net erabiltzeko, zenbait argibide eta adibide dituzue jarraian.

Laster-markak gehitzeko

Bildu.net erabili ahal izateko, izena eman behar da. Hona hemen laster-markak gordetzeko egin beharreko urratsak:

1. Kontuan identifikatu, sortutako izena eta pasahitza erabiliz.
2. Esteka berri bat gordetzeko, "laster-marka gehitu" dioen tokian sakatu (goian).
3. Ondoren, sartu nahi dugun laster-markaren hainbat datu eskatuko zaizkigu.

Etiketa atalak arreta berezia merezi du, etiketa horien bidez aurkitu ahal izango baititugu guk gordetako laster-markak. Etiketa horiek, azken finean, gorde dugun web orri horrekin zerikusia duten hitzak dira, eta laster-marka hori aurkitzen lagunduko digute.

Jarraipen zerrenda

Jarraipen zerrenda bat osatzeko aukera ere eskaintzen du webgune honek. Bildu.net-eko erabiltzaile guztiek gordetzen dituzten (eta publiko bezala markatzen dituzten), laster-markak ikusteko aukera dugu. Erabiltzaile jakin batek gordetzen dituen laster-markak interesgarriak iruditzen bazaizkigu, erabiltzaile hori gure jarraipen zerrendan sar dezakegu. Horrela, goian azaltzen den “Jarraipen zerrenda” sakatzen dugunean, gure jarraipen zerrendan sartutako erabiltzaileek gordetako laster-markak ikusi ahal izango ditugu. Beraz, tresna paregabea da lankide edo lagunen artean laster-markak trukatzeko.

Erabilera posibleak

-Gogoko dituzun web orrien helbideak gordetzea, eta edozein ordenagailutatik erabili ahal izateko aukera izatea. Gainera, laster-marka horiek zeuk ezarritako etiketen bidez sailkatuta gordetzen direnez, erraz kontsultatu ahal izango dituzu.

-Laster-markak gordetzeko, etiketa bat hitzartu daiteke hainbat pertsonen artean, eta denek etiketa bera erabiliz, batak besteari web orri be-rriak erakusteko aukera dago.

-Bildu.net webguneko bilatzaileari esker, gai jakin bati buruz jendeak gordetako web orri berriak, eta informazioa bilatu ahal izatea.

Laguntza tresnak

Bildu.net erabiltzen laguntzeko, tresna laguntzaile batzuk ere sortu dituzte. Tresna horiei esker, errazagoa egingo zaizu gordetako laster-markak ikusi eta gordetzea. Denak Firefox (www.librezale.org/mozilla/firefox/) nabigatzailearentzako dira.

Firefox hedapena  (www.bildu.net/fitxategiak/bildu0.1-0.4.xpi)
Hedapen honen bidez, jadanik gordeta dituzun laster-markak ikusteko aukera ematen duen botoi bat agertuko zaizu zure tresna barran, eta horrez gain, klik bakar baten bidez, une horretantxe ikusten ari zaren web orria gordetzeko aukera ematen du.

Firefox bilatzailea
(http://www.searchplugins.net/pluginlist.aspx?q=bildu&mode;=tag)
Gehigarri hau instalatuz gero, bildu.net agertuko da Firefoxeko eskuinaldean agertzen diren bilatzaileen artean. Hartara, Firefoxeko goiko barran, bildu.net-en bilatzeko aukera izango duzu.