Antiespezismoa: Defendatu ezin duenaren defentsan

Antiespezismoa: Defendatu ezin duenaren defentsan ESPEZISMOA SINESMEN KOLEKTIBOA DA, SAKONKI SUSTRAITUA GURE GIZARTEAN, ETA MUTURREKO ONDORIO NEGATIBOAK DAKARTZANA. HAS GAITEZEN HITZAREN JATORRITIK. ESPEZISMOA 'SPECIESISM' INGELESEZKO TERMINOTIK DATOR. HITZ HAU 1970. URTEAN ERABILI ZUEN RICHARD RYDER PSIKOLOGOAK. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antiespezismoa-defendatu-ezin-duenaren-defentsan/@@download/image/repor_04.jpg
2022/12/27
erreportajea

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

ESPEZISMOA SINESMEN KOLEKTIBOA DA, SAKONKI SUSTRAITUA GURE GIZARTEAN, ETA MUTURREKO ONDORIO NEGATIBOAK DAKARTZANA. HAS GAITEZEN HITZAREN JATORRITIK. ESPEZISMOA 'SPECIESISM' INGELESEZKO TERMINOTIK DATOR. HITZ HAU 1970. URTEAN ERABILI ZUEN RICHARD RYDER PSIKOLOGOAK.
Antiespezismoa: Defendatu ezin duenaren defentsan

Ryder-en aburuz, espezismoa garrantzirik gabeko ezberdintasun fisikoetan oinarritzen den aurreiritzia da. Aurrejuzgu honetan oinarrituta, indibiduoen oinarrizko eskubideak legez erabakitzen dira eta animalien aurkako indarkeria modu legitimoan burutzen da.
Espezie bat bestea baino garrantzitsuagoa dela uste izatean, sentimenduak dituzten izakiak modu arbitrarioan baztertzen dira. Horren adibide garbia da txakurrak gure lagunik onenak bezala hautematea eta behiak jatea.
Espezismoak uste du gizakia beste animalia espezieen gainetik dagoela eta horregatik erabili behar ditugula gure onurarako, izan jateko, janzteko edo entretenitzeko. Hobeak garela uste dugu eta horregatik ez ditugu behien, txerrien, arrainen eta beste hainbat sentimendudun espezieen interesak kontuan hartzen. Haiek, guk bezalaxe, ordea, sufrimendua ekidin nahi dute eta aske bizi.
Opresio mota guztiek (arrazismoa, sexismoa, espezismoa, kapazitismoa, homofobia, transfobia, xenofobia…) lotura dute euren artean. Oinarrian bazterkeria mota ugari onartzen dituen sistema zapaltzailea dago. Espezismoa, beraz, horietako bat baino ez da, beharbada ezkutatuen geratzen dena, berau jasaten dutenek ezin baitute pairatzen duten horren aurka protestatu.
Espezismoaren baitan, babes sozialak lagundurik, indarkeria modu ezberdinak legitimatu dira. Abeltzaintza, arrantza, ehiza… eta halako jarduerak gure gizartearen zati dira, eta horrek ahalbidetu du animaliei modu sistematiko eta programatuan sufriarazten dieten industriak garatzea. Bazenekien Henry Ford inspiratu zuen katean lan egiteko modua hiltegietan asmatu zela?
60ko hamarkadatik aurrera, aurrekari historiko segida batzuen ostean, aurreko garaietan baino indartsuago, eta heldutasun gehiagorekin, azaldu ziren animaliei baliabide moduan ematen zaien erabilerarekin kritiko ziren ahotsak.
1963. urtean Ehiza Sabotatzaileen Elkartea osatu zen. Honekin, ekintza zuzenen garaia hasi zen: laborategietan sartze masiboak, ezkutuko ikerketak, animaliak askatzea eta hiltegi eta bestelako azpiegituretan sabotajeak egitea. Paraleloki, Animal Machines (Harrison, 1964) eta Animal Liberation: A New Ethics for Our Treatment of Animals (Singer, 1975) saiakerei esker, geroz eta jende gehiago hasi zen animaliez arduratzen eta hauen esplotazioaren aurka egiten zuten aktibistak ugaritu egin ziren.
Honek guztiak, Animalien Askapenaren aldeko mugimenduaren oinarriak ezarri zituen. Ordutik, animalien ustiapena eragiten eta legitimatzen dituzten egiturak desartikulatzeko hamaika proiektu sortu dira mundu zabalean.



Antiespezismoa Euskal Herrian
Horietako bat da Nor Euskal Herri Antiespezista eragilea. Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako mugimendu gisa ulertzen duen egitasmoa da, eta, ondorioz, kolektibo feminista, antikapitalista eta euskaltzalea defendatzen du. Gizartean oso errotuta dagoen animalien zapalkuntza saihestea du helburu.
Nor eragileak, horren errotuak ditugun ideia espezista horiek begi-bistan jarri nahi dizkigula azaldu digu Maialen Sagues bozeramaileak. “Euskal Herri mailan jarduten duen eragilea da, komunikazio arloan aritzen dena batez ere”. Orain dela lau urte sortu zen eta Saguesek orduan definitu zituzten helburuak zerrendatu dizkigu: “Euskal mugimendu antiespezista koordinatzen eta saretzen laguntzea, gainerako eragileen bozgorailu bezala funtzionatzea kanal komunikatibo bat sortuz, ekitaldi antiespezista bateratzaileak antolatzea eta euskarazko material antiespezista sortu edo dagoena euskaratzea”.
Garrantzitsua deritzo honelako aldarriak euskaraz botatzeari. “Euskara da gure hizkuntza eta hala komunikatu nahi dugu. Gainera, Euskal Herrian antiespezismoa ezagutarazteko euskara behar dugu; ideiak komunikatzeko, idazteko, gure artean harremantzeko… Hizkuntzek ideien egiturak alda ditzakete, baita testuinguru zehatzak sortu ere. Guztiagatik, ezinbestekoa deritzogu euskarazko materiala sortu eta partekatu ahal izatea euskal mugimendu antiespezista sendotzeko”.
Berau sendotzeko bidean, euskararekin batera feminismoa ere aldarrikatzen du Nor eragileak. Izan ere, zapalkuntza espezismoaren oinarri izanik, antiespezismoa eta feminismoa ere estuki lotuta daude. “Biak subjektu zapalduen alde egiten duten borrokak dira, eta uste dut emakume eta genero disidente askori piztu zaigula animalien alde egiteko grina, haienganako elkartasuna sentitu dugulako. Historikoki eskutik emanda joan dira feminismoa eta antiespezismoa, feministak izan baitziren laborategiko animalien alde egin zuten lehenetarikoak, era antolatuan behintzat”.
Beste mugimendu sozialekin harremana sortu eta eraikitze lanetan ere ari dira. Apurka-apurka, ordea, “antiespezismoa, beste borroka batzuekin alderatuz, urte gutxiko kontua da. Gure burua aurkeztu behar izan dugu eta ondo definitu zeren alde egiten dugun, gaizki ulerturik egon ez dadin”. Horretan jarraitzea dela asmoa azaldu digu Saguesek, “antiespezismoa herri mugimenduaren parte izatea ezinbestekoa da, jendea kausara batu dadin”.

"Opresio mota guztiek (arrazismoa, sexismoa, espezismoa, kapazitismoa, homofobia, transfobia, xenofobia…) lotura dute euren artean. Oinarrian bazterkeria mota ugari onartzen dituen sistema zapaltzailea dago”

Saguesen kasuan orain dela zortzi urte hasi zen antiespezismoaren kontzientzia hartzen. “Dena den, jende askok pentsatuko lukeenaren aurka, une garrantzitsuena ez zen beganoa egin nintzenekoa izan, baizik eta kontzientzia politikoa beste maila batean ulertu nuenekoa. Subjektu pasibo izatetik, militante izatera pasa nintzen orduan, kolektiboki antolatzera. Momentu horretatik aurrera askotariko gaien inguruan ikasi dut”.
Tamalez, kontzientzia hori ez da gizartera behar bezainbeste zabaldu. Zenbait testuingurutan gai tabuak dira beganismoa eta antiespezismoa. “Zuzenki seinalatuak direnak (etxalde, zirku, laborategi eta abarren jabeak) defentsiban jartzen dira eta mehatxuak eta indarkeria fisikoa jasan ditugu euren aldetik”. Gehiengoak, ordea, arazoa existituko ez balitz bezala jokatzen du: “Gaiari aurre egin nahi ez diotenak dira gehienak. Ez da erraza animaliekin harremantzeko daukagun modua zalantzan jartzea, egitura asko aldatzen baititu. Hori dela eta, askotan gaia isilarazten da ezikusiarena eginez”.
Euskal Herriak testuinguru partikularra duela aipatu digu Saguesek, herriaren nortasunaren defentsan urte askoz jardun garelako euskaldunok. “Horrek ulergarria den aldaketarako itxitasuna eragin du zenbait arlotan, eta kosta egiten da paradigma horrenbeste aldatzen duen ideia zabaltzea. Landa-eremua bereziki gutxitua izan da, beraz, animaliak erabiltzeari uztea planteatzen dugunean, eraso bat bezala sentitzen da”. Alta, baserritarrak irtenbidearen parte direla sinetsita dago: “Hori bai, nekazaritzan dago irtenbidea, ez abeltzaintzan”.
Saguesek argi utzi nahi du eurak ez direla etsaiak: “Guk landa-eremuaren alde egin nahi dugu, Euskal Herriaren elikadura burujabetza dugu helburu, lurra errespetatuko duena, komunitarioa dena… baina, hori dena, animaliarik ustiatu gabe”. Azken urteetan egituratu den mugimendu antiespezista hori argi uzten saiatu da, “eta bere fruitua ematen ari da, geroz eta jende gehiagok ulertzen gaitu”.
Ez da erraza, ordea, haragi eta esne industriak burutzen dituzten basakeriak ederki ezkutatzen dituenean. “Industrializazio garaitik hona, fabrika bilakatu dituzte etxalde eta hiltegiak. Hirietatik atera dituzte, bistatik kendu eta mekanizatu. Gainera, bertako langileak prekarioak dira beti, eta askotan arrazializatuak. Hau guztia ezkutatuz, supermerkatu eta dendetara animaliak produktu moduan iristen zaizkigu”. Alabaina, azpimarratu nahi du ez direla produktuak, sentimendudun izakiak baizik: “Industria honek animalien esplotazioa eta gorputzetatik eratorritako zatiak saltzen ditu, eta hori erakutsi nahi dugu, ezkutatu nahi diguten arren”.
Gizartea kontzientziatzeko hamaika modu daudela sinetsita dago Sagues, baina uste du aldaketarako benetako gaitasuna izateko ezinbestekoa dela antolatzea. “Taldean indartsuagoak gara ekintza zuzenak egiteko: manifestazioak, elkarretaratzeak, jardunaldiak… elkar elikatzen dugu, hazi egiten gara, eta hori da gizartera iristeko biderik onena”.
Beganismoaz geroz eta gehiago hitz egiten bada ere, askok moda moduan hautematen dute. “Guk ideia politiko bezala zabaltzen dugu, konplexutasun guztiekin”. Dena den, aipatu digu edozein motatako beste aldarrikapenekin gertatzen den berbera gertatu zaiola; “kapitalismoak merkantilizatu egin du, indarra kendu dio eta kontsumo aukera bezala aurkeztu du. Horrek bihurtu du moda eta buelta eman behar zaio horri, bestela sistemaren logikaren menpe geratuko da, inongo gaitasun eraldatzailerik gabe”.
Beganismora saltoa ematea pentsatzen ari den horrentzat aholkuak ere luzatu dizkigu: “Argi izan zergatik egiten duzun. Beganismoak animaliekin duzun harremana aldatuko dizu eta ikusiko duzu uste baino errazagoa dela. Are eta gehiago zure antzera pentsatzen duen jendeaz inguratuta ematen baduzu aldaketa”.

Guk landa-eremuaren alde egin nahi dugu, Euskal Herriaren elikadura burujabetza dugu helburu, lurra errespetatuko duena, komunitarioa dena… baina, hori dena, animaliarik ustiatu gabe”

Oraindik egiteko lan ugari dagoela badaki, baina itxaropenerako lekua ere badagoela dio, “bestela ez ginateke borrokan arituko. Gauzak aldatu beharra daude. Ez bakarrik animalientzat, baizik eta guztiontzat. Sistema zapaltzaile batean bizi gara, erasotu egiten gaituena eta ezin dugu ezer egin gabe geratu. Potentzialtasun handia dugu eta benetan sinesten dugu honetan”.
Saguesek animalien benetako askapena iritsiko den dudarik ez du. “Animalia guztiona. Gauzak uste baino lehenago hasiko dira aldatzen, kapitalismoak ezin baitu askoz gehiago iraun, eta denon lana izango da zerbait hobea eraikitzea”.


ANTIESPEZISMOAN GEHIAGO SAKONDU NAHI BADUZU HEMEN LIBURU GOMENDIO HAUEK:
  Maltrato animal, sufrimiento humano. E trabajador de un matadero lo cuenta todo. (Mauricio Garcia Pereira, 2019).
–  Why we love dogs, eat pigs and wear cows. (Melanie Joy, 2020).