Annie Ernaux idazlearen lana euskaratzeko Jokin Zaitegi Sariketa martxan da
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, eta urte horretan Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzea izaten da eginbeharra. Aurtengoan, Suediako Akademiak Annie Ernaux idazle frantsesari eman dio Nobel Saria, eta, beraz, Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren La femme gelée eleberria itzultzea izango da.
Parte hartu nahi dutenek eleberri horretako lagina euskaratu beharko dute, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Bi dokumentu bidali beharko dira mezuan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, eta harremanetan jartzeko bidea. Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 6ko gauerdian amaituko da.
Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osatuko dute epaimahaia, eta jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko dute irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen.
Irabazleak 3.000 euroko saria irabaziko du Ernauxen lana itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2023ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz, epaimahaikoen iritziz, sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
Elkarrek argitaratuko du euskaratutako lana, 2023ko Durangoko Azokara arteko epean.

