Animaziozko telesail proiektuak irabazi du Durangoko Azokako Sormen Beka
Durangoko Azokako Sormen Bekaren aurtengo deialdia haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da, eta Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbidek osatutako Marramiau Sorkuntza Taldeak irabazi du, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko animaziozko telesailaren proiektuarekin.
Epaimahaiaren ustez, "euskarak eremu digitalean duen beharrari erantzuten dio egitasmoak, haurrei zuzendutako kalitatezko edukia plazaratuz". "Proiektu transbertsala eta multidiziplinarra" izatea nabarmendu du, eta "eremu pedagogikoan ekarpena egin dezakeela". Horretaz gain, "hizkuntzaren eta balioen transmisioan izan dezakeen eragina" ere azpimarratu dute.
Marramiau taldekoek azaldu dutenez, lehendik hasita zuten Argizagi animazio telesailaren proiektua, hiruen interes artistikoak batzen dituelako: bikoizketa, irudia eta audioa. Telesailak bost-hamar minutu inguruko bospasei atal izango ditu. Bertan, Izei lurtarraren abenturak kontatuko dituzte, Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Hauek kontziente izan gabe, urteak itxita egondako bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duen argi-zubi bat irekiko dute, eta galaxiaren ongizatea arriskuan jarriko dute.
Gidoia idazteko fasean murgilduta daude orain. Saridunek urtebeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko, eta 2024ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute emaitza.
