Animazio jaialdia gaurtik larunbatera Deban
Debako Animadeba Nazioarteko Animazio Jaialdia gaur abiatuko da eta larunbatera bitarte iraungo du. Iazko edizioa bertan behera utzi behar izan zuten pandemia tarteko baina 14.edizioa egiteko moduan dira oraingoan. Berrogei animazio film baino gehiago eskainiko dituzte egun hauetan eta, horretaz gain, musika emanaldiak eta beste zenbait jarduera osagarri ere antolatu dituzte.
Aurtengo deialdian 88 herrialdetako 1.500 lan aurkeztu dituzte eta guztiak aztertu eta gero, 20 film labur aukeratu dituzte Sail Nagusian eta Zuzendari Berrien atalean lehiatzeko. Azken honetan hamar pieza lehiatuko dira eta emakumezko zuzendarien lanek presentzia nabarmena izango dute. Gaur bertan eskainiko dituzte atal honetako filmak, 18:30etik aurrera. Sail Nagusian, berriz, beste hamar lan izango dira ostiralean eta larunbatean izango direnak ikusgai, 19:00etatik aurrera Kutxa Zurian.

Bi sail horiez gain, Panorama ere jarri dute martxan, iaz kaleratu eta osasun egoera zela medio ikusgarritasun handirik izan ez zuten lanei plaza bat eskaintzeko. Lau film luze ere izango dira jaialdian, tartean Lur eta Amets eta D’ortagnan eta hiru Mosketxakurrak. Luis Miguel Romero asturiarrarekin errealitate areagotuari buruzko masterclass-a izango da eta Work In Progress sailean garatze prozesuan dauden 12 lan izango dira.
Jarduera osagarriak
Musika emanaldiak ere antolatu dituzte eta honako hauek izango dira: Chill Mafia DJ Set, Eneritz Furiyak, Rumbling Lips, Feten DJ, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola, /Göo! eta Zabala: Martin Civilization Live.

Bestetik, pare bat lantegi ere egingo dituzte. Horietan Pika-Pika teknika ikasiko dute, linterna argiekin airean marrazkiak egin eta argazki-irudiak batuz film animatuak sortzen. Maria Paccouren atzerabegirakoa ere izango da.
Filmak sarean ikusteko aukera
Berrikuntza garrantzitsua bat ere izango da aurtengo edizioan, Filmin plataforman ikusi ahalko baitira jaialdian emango diren lanak gaurtik hilaren 22ra bitartean.

