Animaliarik arriskutsuena ez da zuk uste duzuna
Munduko animalia arriskutsuenen inguruan pentsatzen dugunean, hartzak, lehoiak, edo sugeak etortzen zaizkigu gogora. Horiek ere badituzte haien arriskuak, noski, baina handienak eta indartsuenak ez dira beti hiltzaileenak izaten. Orduan armiarma pozointsuez oroitzen gara, baina badira tentuz ibili beharreko beste animalia txiki batzuk ere.
Horietako bat da kaparra, transmititu ditzakeen gaixotasunak direla eta. Udan edota beroa egiten duenean ugaritu egiten dira, eta aire librean gabiltzanean kontuan izatekoa da. Hala ere, ez larritu, bero kolpe bat izatea edo min hartzea animalia batekin arazoren bat izatea baino ohikoagoa baita.
Kaparrak entzefalitisa, sukar hemorragikoa edota Lyme gaixotasuna transmiti dezake. Aire librean gabiltzanean saihestu nahi izanez gero, belardi eta sastraka altuen artetik ez igarotzea gomendatzen da, eta baita praka luzeak janztea ere. Etxera itzultzean gorputzean begiratzeko aholkatu ohi da, eta baten bat agertuz gero, pintzekin erretiratzea.

Bada beste animalia txiki gogaikarri bat ere: eltxoa. Urtean 750.000 eta 1.000.000 heriotza inguru eragiten dute, transmititutako gaixotasunak tarteko, hala nola malaria, denguea, zika eta sukar horia.
Orokorrean ari garela, animaliekin, behiekin eta halakoekin, gertatzen diren ezbeharrak haien kumeak arriskuan daudela sentitzen dutelako izaten da. Kasu horietan, hobe da kumeak ez ukitzea, ez hartzea edota jaten ez ematea.
