Angelina Jolie: Bihotz Basa

Angelina Jolie: Bihotz Basa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/angelina-jolie-bihotz-basa/@@download/image/1p45-1_1359970949.jpg
2000/10/06
erreportajea
Jon Voight gauerdiko cowboy-aren errebeldia darama odolean Angelina Jolie alabak. Bisexualitatearekin, intzestuarekin nahiz sadomasokismoarekin ere lakrikunkerietan ibili zela dio bere kondaira beltzak.

Hamalau urte besterik ez zituenean, musikari punk batekin bizi izan zen amaren etxean. Sasoi hartakoak dira bihurgunez jositako bere gorputz ederrean aurki daitezkeen orbainak. Bildumatzen zituen labainekin jolasean zebilela egindako zaurien oroitzapen gazi-gezak.

Gazte nerabe bat zela, etxetik ihes egin eta Lee Strasberg Theatre Institute prestijiotsuan hasi zituen antzerki ikasketak. Zinemaren munduan, baina, atzeko atetik sartu zen, "Cyborg 2" ustela izan baitzen bere estraineko filmea. "Hackers" kaskarrean, berriz, Jonny Lee Miller ezagutu eta harekin ezkondu zen. Harremanak, ordea, ez zuen gehiegi iraun. "Gia" telefilm gordinak bere bizitza aldatu zuen duela bi urte. Egindako lan bikain hari esker erdietsitako Urrezko Globoak zine proiektu erakargarriagoetan parte hartzeko aukera eskaini baitzion. "Girl, Interrupted" aspesgarrian Winona Ryder izarra irentsi eta gero, bere lehen Oscar saria jaso du aurten Hollywoodeko ezpainik sentsualenen jabe den starlet ezohikoak. Billy Bob Thornton aktore eta zuzendari bitxiak Angelina kate motzean lotuta duela uste badu ere, emazteak larruan tintaz iltzatuta daraman esaldirik ederrena irakurri beharko luke. Tennesse Williamsena da eta otoitz bat eskatzen du kaiolatutako bihotz basa guztientzat. Maitasuna kaiola gordinegia baita askatasuna maite duten Angelina Jolie bezalako bihotz basentzat.