Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya izango dira Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak

Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya izango dira Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak Bi lagunek osatutako zuzendaritza aukeratu dute lehen aldiz, "ondo egituratutako proposamena" aurkeztu dutela eta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-pikaza-eta-maria-goiricelaya-izango-dira-erriberriko-antzerki-jaialdiaren-zuzendari-artistikoak/@@download/image/maria-goiricelaya-y-ane-pikaza-nuevas-directoras-artisticas-del-festival-de-teatro-de-olite-es-1877.jpg
2021/12/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bi lagunek osatutako zuzendaritza aukeratu dute lehen aldiz, "ondo egituratutako proposamena" aurkeztu dutela eta.
Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya izango dira Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak

Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza, La Dramatica Errante taldeko kideak, Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko izendatu dituzte aurkeztutako hamaika hautagaitzen artean. "Guztiak interes eta kalitate handienekoak" izan direla adierazi du kontratazio-mahaiak, eta "bi profesionalek arte eszenikoei lotutako intereseko espazioetan duten kualifikazioa eta esperientzia" hartu dutela kontuan.

Aukeraketa mahaiaren arabera, "ondo egituratutako" proposamena aurkeztu dute eta eskatzen zenari atxikitzen zaiona. Biren arteko zuzendaritza aukeratu duten lehen aldia da eta euren programazio-proposamena "garaikidea, anitza eta plurala" dela azaldu dute, "sormen joera guztiak biltzen dituena, tradizioa ahaztu gabe, eta nafar kultur-ekosistemarekin elkarlanean". 2022ko irailera arte arituko dira zuzendaritzan eta, urtez urte, 2025era arte luzatzeko aukera izango da. 

Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza urte askoan aritu dira elkarrekin lanean arte eszenikoen alorrean. 2017an sortu zuten La Dramatica Errante, eta haren bidez "errealitatearekin konprometitutako" hainbat proiektu egin dituzte. Kabia Teatroko kide ere badira 2017tik, eta ikerlari eta aktore lanetan aritu izan dira. Euren azken ekoizpen nabarmenenak honako hauek izan dira: Harri Orri Ar (2021eko Max Sarietan izendatua), Lyceum Club (2019ko Max sarietan bi izendapen izandakoa), eta duela gutxi estreinatutako Yerma eta Altsasu

Goiricelaya arte eszenikoetan doktorea da, Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua, eta antzerki eta arte eszenikoen inguruko bi master egin ditu. Horretaz gain, kudeaketa kulturalean masterra egin du, Bilboko BBK aretoaren programazio artistikoaren ardura du, BBK OFF jaialdiaren zuzendari artistikoa da, eta ikuskizunen ekoizpen eta zuzendaritzan eskarmentua du. Pika, berriz, Arte Ederretan lizentziatua da eta kudeaketa kulturalean masterra egin du. Antzezlanen ekoizpenean, zuzendaritzan, kudeaketan eta banaketan aritu izan da. Aktorea eta ilustratzailea ere bada. 

Erriberriko Antzerki Jaialdiak arte eszenikoetan Nafarroan, Espainiako Estatuan zein nazioartean urtero izandako nobedadeak biltzea izaten du helburu. Jaialdiaren hitzetan, "eszenaren iraganarekin eta etorkizunarekin bat egiten duten ekoizpenak izaten dira. Tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dira, proposamen berritzaileak eta arriskuak hartzen dituztenak". Era berean, artista nafarren lana sustatzea ere badu jomuga, eta "Nafarroako eszenaren ikuspegia eta gaurkotasuna munduari erakustea". Erriberrin ez ezik, Tafallan eta Beiren ere egiten dituzte emanaldiak eta ekintzak.