Android sistema eragileari buruzko doako ikastaroa, euskaraz

Android sistema eragileari buruzko doako ikastaroa, euskaraz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/android-sistema-eragileari-buruzko-doako-ikastaroa-euskaraz/@@download/image/android_1359533651.jpg
2013/01/30
berria
UEUk eta Asmoz Fundazioak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Android sistema eragileari buruzko lehen euskarazko ikastaro irekia eskainiko dute otsailetik apirilera. Internet bidez egin ahal izango da, MOOC metodologiaren bidez, eta izena ematea edozein unetan egin daiteke.


Android mugikorretarako sistema eragilea da; smartphone, tablet eta abarretara bideraturik dago eta Linux nukleoan oinarritua. Open Handset Alliance elkarteak garatu du. Android-a baino lehenago sortutako sistema eragile gehienak itxiak ziren, eta beraz, haiek pertsonalizatu eta programatzeko aukera gutxi zituzten; baina Android-ak horretarako aukera eskaintzen du, erabiltzaileen eskura mundu berri bat jarriz.

Sistema honen ezaugarriak ezagutzeko, berau garatzeko tresnak nola erabiltzen diren ikasteko, eskaintzen dituen aukera berrien inguruan hausnartzeko eta aplikazio berrien garapena diseinatzen ikasteko, UEUk eta Asmoz Fundazioak ikastaro bat antolatu dute.

Ikastaro ireki eta masiboa
Ikastaroa otsailaren 18an hasi eta apirilaren 30ean amaituko da, eta MOOC metodologia baliatuko dute; hau da, ikastaroan parte hartu nahi dutenek beren ordenagailutik jasoko dituzte klaseak modu masibo eta irekian, eta doan, gainera!

Sistema hau euskaraz erabiltzen den lehen aldia izango da. Izena emateko Asmoz Fundazioaren webgunean sartu besterik ez duzu apirilaren 30era bitarte. Izan ere, ikastaroa hasita egon arren, norberak nahi duenean batzeko aukera izango du.

Informatikariei edo programatzeko zaletasuna duen edonori zuzendurik dago, eta Gorka Julio Hurtado informatikari, teknologia berrietan aditu eta UEUko kideak batetik, eta Unai Gorrotxategi Sabino informatikari eta mugikorren teknologian aditu denak bestetik emango dute.