Andrej Longo: Aginduek ez dute balio

Andrej Longo: Aginduek ez dute balio https://www.gaztezulo.eus/albisteak/andrej-longo-aginduek-ez-dute-balio/@@download/image/andrej_longo_1358166594.jpg
2012/10/01
erreportajea
Testua: Samara Velte
Andrej Longo: Aginduek ez dute balio
Proiektu aski interesgarri bat jarri dute martxan duela gutxi: Pasazaite argitaletxea, "inportazioko liburuak" euskaratzen diharduten zenbait itzultzailek sortua.
Nazioartean sona handiegia izan ez arren, jatorrizko hizkuntzetan harrera ona izan duten liburuak itzultzen dituzte, "liburu gustagarriak, ezustean harrapatzen gaituztenak eta zirrara eragingo digutenak".

Horregatik, ez da kasualitatea Andrej Longoren (Ischia uhartea, Italia, 1959) Hamar ipuin-bilduma aukeratu izana lehen argitalpen gisa. Napoli eskualdekoa izan arren, izen errusiarra egokitu zitzaion Longori, aitak Tolstoiren Gerra eta bakea (1869) obrari zion estimua medio. Literaturak bizitza osoan egin dio konpainia, baita pizzagile eta sorosle lanetan aritu izan denetan ere. Gaur egun, Erromatik jarduten du gidoilari lanetan, baina Napolin ditu burua eta idazluma; Italia hegoaldeko hiri basati eta bihozgabeetan baino ezin zitzakeen kokatu ipuinetako istorioak. Hamar dira, Jainkoaren aginduak bezala; izenburu bakoitza agindu bat da. Obedientziaz eta traizioaz mintzo dira, beldurraz eta deskonfiantzaz, gainezka dagoen Napoli bakartian, non albokoa ez den laguna; non aginduak agindu diren, bai, baina emandako hitzak ez duen duro bat ere balio; eta egunero balantzan jarri behar den zerk balio duen gehiago: ohoreak, gutiziek, norberaren bizitzak ala besteenak.

Kaleko istorioak kontatzen ditu, zikinak eta lazgarriak, Napoliko karriketan gertatuak, zaborrezko mendi eta diskoteka likitsen artean. Indar handia eta ustekabeko biraketa asko dituzten ipuinak dira, aspertzeko denborarik uzten ez dutenak; irakurlea gehiagoren gogoz uzten dute. Euskarara Longoren ipuin gehiago inportatzeko gogoz.

Bibliografia


Prima o poi tornero (1992)
•Piu o meno alle tre (2002)
•Adelante (2003)
•Hamar (2007)
•Chi ha ucciso Sarah? (2009)
•Lu campo di girasoli (2011)