Andoni Iturzaeta: “Etorkizun latza dugu”

Andoni Iturzaeta: “Etorkizun latza dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/andoni-iturzaeta-etorkizun-latza-dugu/@@download/image/22p30-1.jpg
2002/09/06
elkarrizketa
Jon Odriozola
Andoni Iturzaeta: “Etorkizun latza dugu”
Andoni Iturzaeta EAko Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusia da. Tolosarra da eta musika entzutea eta bidaiatzea, Pirinioetara batik bat, atsegin du gehien. Ezkertiar eta abertzale independentistatzat du bere burua, eta gatazka gainditzeko, zubiak eraikitzea "nahitaezkoa" dela dio. 

Zein da Euskal Herria pairatzen ari den gatazkaren irtenbidea?
Gure ustez, oinarriak demokrazia, justizia eta onarpena dira. Identitateen arteko borroka dago, eta guztiontzat baliagarria izan daitekeen markoa aurkitu behar dugu, jakinik guztiok ez garela euskaldunak, baina era berean, asko ez garela espainiarrak. Era berean, gatazka ez da konponduko Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin mekanismoak eta erakundeak sortu ezean.

Zientzia Politikoetako ikaslea zara. Ba al dago Machiavelorik euskal politikagintzan?
 
Gehiegi, interes partidista asko baitago. Iazko hauteskundeen aurretik agerikoa zen zenbaitek enfrentamendu giroa lortu nahi zutela. Galtzaileek, hala ere, higadura politiko batean darraite, PPk eta PSEk, arazoa konpontzeko, hitz egin beharko dela ondotxo dakiten arren.

"Alternatiba eraikiz" lelopean, maiatzean Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusi izendatu zintuzten. Abertzaletasun "arduratsu, ezkertiar eta solidarioa" bultzatzea duzue helburu…

Batetik, defendatzen dugun lurraldetasun diskurtsoa alde batera utzita dago. Abertzaletasunak etorkizunik badu, alternatiba bat eman behar dio gazteriari, jakinik lurraldetasunak eta  aktibismoak ez dutela zertan dinamika suntsitzaile eta zatitzaileekin elkarloturik joan. Abertzaletasun arduratsua egiteko,
errealismora jaitsi eta hausnarketa egin behar dugu: gure herria zer den, zein jende ezberdin bizi garen eta zer nolako proiektua bultza dezakegun bateginik elkarbizitza bideratzeko... Proiektu solidarioa da, bestalde, gure abertzaletasuna gainontzeko herriekiko elkarlanean oinarritzen delako. Eraikuntza ikuspuntu positibo batetik egin nahi dugu.

Gatazka konpontzeko elkarrizketa behar dela adierazi duzu lehen. Elkarrizketa horrek ba al du aurrebaldintzarik?

Nire ustez, ez. Analisi komuna egiteko, guztiok hitz egiten ez badugu, hilketek jarraituko dute.

Hona hemen hipotesi bat. Gatazka gainditzeko alderdi politiko edo gizarte erakunde guztiek egin dezakete zerbait gehiago. Zer gehiago egin beharko luke EAk?

Identitate gatazka dugu, eta buelta eman nahi diogu honi guztiari. Hala, indarkeria erabiltzearen aurka gaude, izan ere, ETAri agenda politikoa markatzen uzten badiogu, arrazoia emango diogu. Ezin da onartu herritarrak bizkartzainekin ibiltzea, defizit demokratikoaren isla baita. Bide batez, desobedientzia zibilaren aldekoak gara, baina, honek ez du zerikusirik, bortxarekin. Bata bestearen ukapena baita. Hala ere, estatuak ere badu erantzukizunik, erabiltzen dituen azpijokoengatik.

EA ez dator bat Batasuna legez kanpo uztearekin. Ilegalizazioa dela eta, zer egin behar dute, zure ustez, EAk eta gainontzeko alderdiek?

Alderdi baten ilegalizazioa ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Egoera ez da batere ona. Bada abertzaleok hurrengo hauteskundeetan aurkeztu beharko ez genukeela dioenik, baina dena dela, ezker abertzalearen azken boladako dinamikak ere ez du batere laguntzen.

Beharbada, abertzaleak gutxiengoa izango dira gaur egun gehiengoa duten zenbait erakundetan…

Batasuna legez kanpo utzita, abertzaleok gutxiengoa izan gaitezke zenbait erakundetan, hauteskundeek ez baitute gizartearen osoaren ordezkaritza jasoko. Hau guztia defizit demokratikoan bizi garela seinale da.

Errazagoa al litzateke Euskal Herrian dauden sentsibilitateetako zenbait gazte mahai gainean eseri eta akordioa lortzea? Edo helduen jarrerak berak errepikatuko lirateke?

Errepikatzekotan, hobe genuke etxean geratzea, helduak ez baitira ados jartzeko gai.

Baikorra al zara etorkizunari begira?

Etorkizun latza dugu, baina honek ezin du iraun. Argia, tunelean, urrun dagoela uste dut, ez baitut gatazka konpontzeko borondaterik ikusten. Gehiengo sozial bat elkartu eta lanean hasi behar dugu, baina horretarako borondate politikoa behar da.