Andoaingo Sanjuanetako kartela zurea izan daiteke!

Andoaingo Sanjuanetako kartela zurea izan daiteke! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/andoaingo-sanjuanetako-kartela-zurea-izan-daiteke/@@download/image/san_juanak_1363101859.jpg
2013/03/13
berria
Andoaingo Sanjuanetako kartela zurea izan daiteke!
Andoaingo Udaleko Kultura Batzordeak abian jarri du ekainean ospatuko diren San Juan festetako irudi izango dena aukeratzeko lehiaketa. Kartel proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 10era bitarte izango da zabalik, eta irabazleak, diru-sari polita eskuratzeaz gain, herriko txoko guztietan bere irudia ikusi ahal izango du jaiak iragarriz.


Udaberria laster helduko da, eta uda ere ez dugu horren urrun ikusten dagoeneko. Horregatik, ekaina amaierako Sanjuanetako kartela osatzen hasteko ordua dela ebatzi du Andoaingo Udalak, eta lehiaketa irekia antolatu du edonork bere proposamena bidali ahal izan dezan. Dena den, parte hartzaileak bi kategoriatan banatuko dituzte, 12-16 urte bitartekoak, eta 17 urtetik gorakoak, eta lanak Bastero Kultugunean aurkeztu beharko dituzte. Gaia eta karteleko testua Sanjuanak 2013 / ANDOAIN izango da, baina hortik aurrera norberak erabaki beharko du zein teknika edo irudi mota erabili nahi duen.

Kartelak 60 zentimetroko altuera eta 42 zentimetroko zabalera izan behar ditu, eta ordenagailuz eginez gero tamaina horretan inprimaturik aurkeztu beharko da maiatzaren 10a baino lehen. Beronen atzeko aldean, halaber, egilearen adina eta leloa jarri beharko dira, eta honi atxikitako gutun azalean gainerako datu pertsonalak.

Irudi iragarlea
Ondoren, herriko hainbat lagunek osatutako epaimahaiak kartelik onenak aukeratuko ditu, eta maila bakoitzeko lehen bi irabazleek diru-sari politak eskuratuko dituzte: 310 euro lehenak eta 190 euro bigarrenak 17 urtez gorako kategorian, eta 140 euro lehenak eta 100 bigarrenak 12-16 urte bitarteko kategorian. Goi mailako irabazlearen irudia, gainera, Sanjuanetako kartelak osatzeko baliatuko dute.