Ander Vilariño: Ziztu Bizian

Ander Vilariño: Ziztu Bizian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ander-vilarino-ziztu-bizian/@@download/image/1p16-1_1370380689.jpg
2000/10/06
elkarrizketa
Ander Vilariño: Ziztu Bizian
Ander Vilariño 20 urteko hondarribitarra goraka doa automobilismoan. Gaur egun, Espainiako Super-Toyota Formulan ari da eta txapelketako lehen postuan dago.

Zuen aita, Andres Vilariño, txapelduna izan da hainbatetan automobilismoan. Kirol honetan lehen urratsak emateko, ezinbestekoa omen da norbaiten babesa. Zurekin hala gertatu al da?
Argi dago aitak sekulako eragina izan duela. Gure aita txapeldun handia izan da eta beraz, normala da nigan automobilismorako joera piztu izana. Bestalde, kirol honetan funtsezkoa da oinarri ekonomikoa izatea, batez ere lehen urratsak ematean; aitak horretan lagundu nau. Horrez gain, aita lagunik eta aholkularirik onena dut. Hala eta guztiz ere, talde batean korrika egiteko aukeratu nautenean edo garaipenak lortu ditudanean, arrakastaren arrazoia azkarrena izatea izan da.

Zer diozu zure aita eta Aitor Zabaleta bergararraren arteko lehia biziaz? Batzuek diotenez, Andres Vilariño baliabide hobeak dituelako nagusitu ohi da.

Aitor piloto handia da eta begirunea diot. Bien arteko lehia polita da, kirolari bizitasuna ematen dio eta. Kontua da garai batean nire aitak ahalegin handia egin zuela Europako teknologiak bereganatzeko, hasieran oso gaizki pasa zuela eta orain saiakerak etekina eman duenez, abantaila txikia duela. Bien arteko lehiaz zera esango dizut; Aitor lau alditan izan da Espainiako txapeldun eta gure aita, lau Espainian eta beste lau Europan. Horra hor datuak.

Gainerako kiroletan alde fisikoa nabarmentzen den bitartean, automobilismoan auto eta baliabide onak izatea erabakiorra da. Beraz, ez dago txirrindularitzarekin alderatzerik, ezta?

Inolaz ere ez. Kirol honetan auto ona izatea funtsezkoa da. Dena den, txirrindularitzan ere, indarraz gain, zerikusi handia dute korrika egiteko erak, norberaren teknikak edota taktikek. Automobilismoan gidatzeko teknika egokia izan behar da, sentsibilitatea kotxea puntuan jartzeko, esku onak... Eta noski, sasoian egon behar da. Batzuek kontrakoa uste duten arren, hau kirol gogorra da.

Zein prestakuntza fisikoa eginten duzu?

Egunero bi ordu t'erdi edo hiru orduko saioa.

Kirol garestia aukeratu duzu. Bizitzeko adina ematen al du?

Oso gora ez bazara iristen, nekez bizi daiteke automobilismotik. Izan ere, ez da batere erraza dirua irabaztea. Ni gaur egun Telefonica babeslearekin ari naiz, beraiek ordaintzen didate dena, baita autoa ere, eta beraz, sariak poltsikoratzen dituzte. Normala da. Kontuan hartu behar da piloto bakoitzeko babesleak 25 milioi pezeta bideratu ohi dituela urtean.

Euskal Herrian motorzale asko dagoen arren, ez dugu zirkuitorik. Zergatik?

Batez ere, erakunde publikoek nahi ez dutelako. Hemen zaletasuna egon badago, baina batik bat errepideetako  automobilismoa gustatzen zaigu. Hori dela eta, bertako erakundeek ez dute zirkuitoren bat jartzeko inongo ahaleginik egiten.

Goraka, azkar, baina apal



Ander Vilariñok dioenez, honako aholku hau eman zion behin aitak: “apala izan hadi”. Ander apala da, baina harro mintzo da egindako ibilbideaz. Lau urterekin karts-etan ibiltzen hasi zen, hamabost urte zituela Kataluniara joan zen eta handik urtebetera Frantziako Elf taldeak aukeratu zuen Renault Formula txapelketan parte hartzeko. Bertan, mundu osoko 24 pilotorekin lehiatu eta bi lasterketetan garaipena lortu ondoren, laugarren geratu zen. Istripu larria izan zuen, ordea, “hankako hezur zati bat galdu nuen” dio, eta beraz, urtebete pasa behar izan zuen lasterketetan gidatu gabe. Egun Espainiako Super-Toyota Formula txapelketa jokatzen ari da.
Jakina, Anderri abiadura gustatzen zaio. Ekoiztetxeek autoen abiadura murriztera behartuko balituzte zer irudituko litzaiokeen galdetu diogunean, “isun gutxiago jarriko lizkigute!”, esan du barrez. Izan ere, isun “batzuk” jarri dizkiotela aitortu digu.