Ander Mujika: “"Behar duguna bizkar gainean daramagu”"

Ander Mujika: “"Behar duguna bizkar gainean daramagu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ander-mujika-quotbehar-duguna-bizkar-gainean-daramaguquot/@@download/image/ander_mujika_1371133127.jpg
2010/11/05
elkarrizketa
Igone Fernandez
Ander Mujika: “"Behar duguna bizkar gainean daramagu”"
Miren Narbaiza eta Ander Mujika. Eibar eta Elgoibar, Napoka Irian batuta. Bi gitarra eta ahotsa besterik ez begiradak, kea, ezina, txikitasuna eta handitasuna jorratzeko.  2005ean "ia nahigabe" jaio zen proiektua aski ondu da zuzeneko intimoen epeltasunean, eta urte berriarekin batera aurreneko diskoa ematera doa. Mujikarekin mintzatu gara orain artekoaz eta begi aurrean zabaltzen ari zaizkien ateez. 

Nolatan Napoka Iria? Izen originala da.
Ba, egia esan, ez dauka misterio handirik. Proiektu hau sortu berri zenean eta oraindik izenik ez zeukanean, ni Errumaniako Cluj-Napoka hirira joan nintzen bizitzera, ikasketa kontuak tarteko. Izenaren sonoritatea gustatu zitzaigun eta… orain arte.

Errumanian ez, baina Japonian jotzeko aukera izan duzue. Zer moduzkoa izan zen esperientzia hura?

Izugarria. 12 eguneko bidaia izan zen, sei kontzertu eman genituen eta, batez ere, pila bat ikasi genuen. Oso esperientzia kuriosoa izan zen. Beste kultura bat ezagutu genuen, lagunak egin genituen eta musikalki ere oso aberasgarria izan zen.

Azkenaldian hemengo talde askok jotzen dute Asiara eta, zehazki, Japoniara. Zer dago han?

Nik uste dut Japonia eta Euskal Herriaren arteko zubia lantzen lehenengoa Fermin Muguruza izan zela. Ordutik harremana mantendu da eta, batez ere, hemengo talde asko joaten dira edo gara hara. Guk hango lagun bati esker egin genuen bidaia.

Musika asko kontsumitzen dute han, ezta?

Bai. Gainera japoniarrek badute guztiok ezagutzen dugu puntu 'fanatiko' hori. Zerbait gustatzen bazaie, horrekin tematzen dira. Horixe bera gertatzen zaie musika estiloekin: rockarekin, reggaearekin, trikitixarekin azken aldian… Izugarrizko indarrarekin jarraitzen dute gustuko duten taldea.

Zuek, ordea, akustikoaren eta intimotasunaren aldeko apustua egin duzue.
Pentsatzen dut horrek dakartzan mugekin kontziente izango zaretela.
Bai, badakigu gure taldeak ez lukeela funtzionatuko, esate baterako, makrokontzertu batean. Baina, egia esan, gehiago dira abantailak. Adibidez rock talde bat sar ez daitekeen taberna eta lokal txikiagoetara heltzen gara gu eta, ez daramagunez traste handirik gainean –bi gitarra akustiko eta ahotsa besterik ez– gu hel gaitezken toki guztietara eraman dezakegu gure musika. Behar dugun guztia bizkar gainean daramagu. Begira, orain gutxi kapera batean jotzeko aukera izan dugu.

Londresen, ezta?

Bai, hango Euskal Etxeari esker bi kontzertu eman ditugu. Bat Soho auzoan eta bestea Euskal Etxeak berak alokatu zigun kapera horretan. Han aspalditik bizi diren euskaldunekin eta bertako musikariekin konpartitu dugu esperientzia.

Zeri buruz hitz egiten du Napoka Iriak?

Beno, letrak Mirenek idatzi ohi ditu eta, beraz, berak erantzun beharko luke. Baina, egia esan, guk ez dugu sekula aldez aurretik finkatu zer komunikatu nahi dugun. Unean-unean ateratzen zaiguna da: sentimenduak, gogo egoerak… ideiak baino gehiago.

Baina beti nahiko malenkoniatsu.

Bai, puntu hori bilatzen dugu. Niri behintzat pop kantu alaiak ez zaizkit gustatzen. Guk nahiago dugu abesti ilunak egin, grisak… baina ez tristeak e!
Bi maketa eta berriki 'Poortstraat 58' bideoklipa David Zabalaren laguntzarekin.

Bazoazte pixkanaka aurrera. Noizko lehenengo diskoa?

Ba, gauzak ondo, datorren urte hasieran grabatuko dugu eta espero dugu lehenbailehen ateratzea. Abestiak, behintzat, prest ditugu, eta gogoa ere bai. Dagoeneko bost urte daramatzagu zuzenekoetan eta, guk ez ezik, jendeak ere eskatzen digu diskoa.

Jendearen harrera ona, behintzat, baduzue. Mirenen ahotsak bat baino gehiago aho zabalik uzten du.

Bai, Napoka Iria entzun eta lehenengo komentarioa hori izaten da kasu askotan. Izugarria da ahotsa maneiatzeko eta tinbreekin jolasteko duen gaitasuna.

Bost urte hauetako eboluzioaz galdetuta, zertan aldatu da proiektua?

Ia nahi gabe hasi ginen, Mirenek bazituen abesti batzuk, grabatzeko laguntza eskatu zidan… Poliki-poliki bidea egiten joan gara, beti ibili gara gustura eta, dudarik gabe, bost urte hauetan asko ikasi dugu. Orain tresna nahiz baliabide gehiago ditugu musika hobea egiteko, eta estilo aldetik gehiegi aldatu ez garen arren, aurreranzkoa izan da. Hori ziur.