Ander Iriarte: "Gure gatazka barrutik eztabaidatu zezakeen dokumentala sortu nahi nuen"

Ander Iriarte: "Gure gatazka barrutik eztabaidatu zezakeen dokumentala sortu nahi nuen" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/12
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Ander Iriarte: "Gure gatazka barrutik eztabaidatu zezakeen dokumentala sortu nahi nuen"
Pasa den igandean aurkeztu zuten Bartzelonan Ander Iriarte zuzendariaren 'Echevarriatik Etxeberriara' dokumentala. Oiartzunen gertatzen da eta oiartzuarrak dira protagonistak, borroka armatuak ezker abertzaleengan garrantzia azaleratzen du. Zuzendariarekin hitz egin dugu dokumentalaren inguruan gehiago jakiteko.


Noiz eta nola landatu zenuen Echeverriatik Etxeberriara dokumentalaren lehen hazia?

ETAren behin behineko su etena telebistan ikusi nuenean izan zen, momentu egokia zela pentsatu eta ideiari forma ematen hasi nintzen. Hala ere, gaztetatik izan dudan ideia da, bereziki honetaz hitz egiterik ez zegoenean.

Oiartzun izanik istorioaren ardatza, ETAren bilakaerak ezker abertzaleengan izan duen eragina aztertzen duzu dokumenalean. Zergatik aukeratu duzu abiapuntu hori?

Oiartzunen, ezker abertzalea nabarmenki nagusia izan den herri orok bezala, bere panorama politiko konkretua duelako eta honek, indarkeriarekin harreman oso berezia sortu duelako, pairatutakoarekin eta erabilitakoarekin.

Borroka armatua bukatu izanak lagundu al dizu kamera hartzeko urratsa ematen?

Noski, hori izan zen nire motibazio nagusia. Behingoz, gure gatazka barrutik eztabaidatu zezakeen dokumental bat sortu nahi nuen, antzeko lekuetan oihartzuna izan zezan.

Baina, zein da dokumentalaren helburu nagusia?

Publikoki gai honen inguruan hitz egiten hastea, aurreiritziak hautsiz. Dokumentala ikusi ondoren jendea harrituta gelditu da, eurek pentsatzen zuten moduan jendek ere gehiago pentsatzen zuela ikusita. Mesfidantzarekin bukatzea zen nire desira.

Aipatzen duzun isiltasuna apurtzeko zein da gakoa?

Eztabaidak plazaratzea. Euskal Herrian bloke ideologikoak egon dira eta horien arabera ulertu ditugu gertakizunak. Baina Oiartzunen fenomeno hau are handiagoa izan da, monolitikoa eta hegemonikoa. Zurrunbilo bat pasa dugu ezin genuelako gertatzen zenaz hitz egin, eta orain, trantsizio fase batean gauden honetan, hoberena da gaiak normaltasunez jorratzea.

Dokumental honek gauzak aldatu ditu orduan.

Donostian estreinatu ondoren jakin nuen, partaide bati herrian orain arte hitza ukatu zioten herritarren bat gerturatu zaiola barkamena eskatzera, eta bakoitzak duen ikuspuntuarekin bakean bizitzeko asmoz. Hunkigarria izan zen hau jakitea,  ekarpen hoberik ezin bainuen imaginatu!

Erraza izan al zaizu parte hartu dutenen kolaborazioa lortzea?

Espero nuena baino errazagoa. Zenbaitetan, laguntasunik ez badago tartean, politikaz ezin da hitz egin. Uste dut hori aldatzen hasi dela baina oraindik oso zaila da gauz batzuei buruz hitz egitea. Konfidantza neukan herri honetako jendearen ausardian.

Nolakoa izan da errodajea?

Errodajeak bi hilabete iraun zituen. Kontaktuak eta testuingurua sortzeak ordea bi urteko lana eduki du, eta ekoizpenaren ondorengoak beste bat.

Tira, Oiartzuarra izaki, Bartzelonan bizitu zara 8 urtez, eta garai horretan egindako gogoetaren islada ere omen da 'Echevarriatik Etxeberriara'. Zerk bultzatu zintuen dokumentala egitera?

Kataluniak eta Euskal Herriak. Hizkuntza propioaz, subiranotasun nazionalaren desiraz eta industria ona duten bi herri izateaz aparte ez dute zer ikusirik. Izaera erabat kontrakoa da, katalanek independentziarako bideari nola ekin dioten ikustea besterik ez dago. Desberdintasun horietaz jabetzeak nire ideiak aldatu eta behar nuen prespektiba eman zidan.

Amaitzeko, Donostiako Zinemaldiaz aparte, zure bigarren bizitokian ere aurkeztu zenuten igandean. Zer nolako garrantzia izan du zuretzat Bartzelonako Zinemaldian aukeratua izateak?
Oso pozik nago. Hamabi lan aukeratu dituzte bakarrik, eta aurtengo plantela ikusita ohore bat da Loreak, Negociador, Los tontos y los Estupidos, Lasa eta Zabala eta 5 days to dance bezalako filmekin kartela konpartitzea.

ECHEVARRIATIK - ETXEBERRIARA (trailer) from Ander Iriarte on Vimeo.