`Ander´, berriz ere saritua

`Ander´, berriz ere saritua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ander-berriz-ere-saritua/@@download/image/200910155537ANDER_007.jpg
2012/12/13
berria
`Ander´, berriz ere saritua
Ander Roberto Caston zuzendariaren lehen film luzeak Urrezko Bioleta irabazi du Tolosako (Okzitania) XIV. Cinespaña zinemaldian. Camino (Javier Fresser), Forasters (Ventura Pons), La buena nueva (Helena Taberna) edo Retorno a Hensala (Chus Gutierrez) moduko pelikula ospetsuen gainetik, bost adituk osaturiko epaimahaiak Castonen Ander lanari aitortu dio film onenaren saria.

Berriki Queer Lisboa zinemaldian bi sari eskuratu ostean (film onenarena eta aktore onenarena) eta Abycine zinemaldian ere film onenaren saria lortu ondoren, Roberto Castonek zuzenduriko Ander lanak Cinespañako epaimahaia liluratu eta Urrezko Bioleta bereganatu du. Sariaren diru-kopurua 7.500 eurokoa da, Tolosako Udalak emanikoa.
Iragan otsaileko Berlinaleaz geroztik, gay generoko pelikulak lortua eta bermatua du hedapena frantziar estatuan. Hala, 2010ean, Bodega Filmsek filmaren 30 kopia banatuko ditu estatu osoko zine aretoetan zehar, horietako bost Parisen. Enpresa banatzaileak konfiantza osoa du gidoiaren %60a euskarazkoa duen pelikularengan, eta harrera nahiz kritikak ezin hobeak izango direla uste du.
Ander moduko film txiki gutxik lortzen dute halako hedapena frantziar estatuan eta Roberto Castonek ez du bere poza ezkutatu. Hala ere eta aldi berean, etxeko egoerak atsekabetzen duela aitortu du: "Azken aldian, nazioartean sariren bat lortzen dugun bakoitzeko hemengo enpresa banatzaile batek esaten digu Ander ez zaiola interesatzen. Zertarako lortu diru-laguntzak, zertarako lan ona egin, zertarako sariak… nire hirian ezin badut filma ikusi?"
Nolanahi ere, Ander aurrera doa bere hegaldian eta hil honen amaieran London Film Festival zinemaldian hartuko du parte.

GAZTEZULOk pasa den ekainean elkarrizketatu zuen Roberto Caston. Ander euskal Brokeback Mountain delako kontu horrekin ados ez dagoela esan zigun, besteak beste. Orduan kontatutakoak irakurri nahi badituzu, ondorengo helbidera jo besterik ez duzu: http://www.gaztezulo.com/artikuluak_view.php?uuid=1472