Ander Arzak: "Tarteka, herrimin gastronomikoa izaten dut"

Ander Arzak: "Tarteka, herrimin gastronomikoa izaten dut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ander-arzak-quottarteka-herrimin-gastronomikoa-izaten-dutquot/@@download/image/71p42_1364900099.jpg
2007/02/02
elkarrizketa
Jon Odriozola
Ander Arzak: "Tarteka, herrimin gastronomikoa izaten dut"
Ander Arzak ETBko berri emailea da Parisen. 24 urte. Kazetaritza EHUn ikasi zuen. "Irungo Txingudi Telebistan eman nituen lehen urratsak", dio irundarrak. "Amari Parisera joateko aukeraren berri eman nionean, harrituta geratu zen; 'Okerragoa litzateke Jerusalemera joatea', esan nion". Hori entzun ondoren, 'lasaitu' egin zen ama.  

San Martzialen faltarik izaten al duzu?
Jai egun batzuk hartu eta Irunera joaten ahalegintzen naiz. Ez daramat Parisen malenkonia sentitzeko bezainbesteko denbora…

Frantsesa ez duzu inoiz arrotza izan?

Ez. Duela zenbait urte akademia batean ikasi nuen. Egia da azken zazpi urteetan ia-ia ahaztua eta alboratua izan dudala. Hala ere, Parisera heldu, martxa hartu eta orain primeran moldatzen naiz.

Kazetaria jaio edo egiten da?

Nolabaiteko sena behar da. Herriekiko, gertaerekiko… interesa. Baina gero, egin egiten da.

Zein izan ziren zure erreferentziak gazteetan? Tintin? Asterix?

Frantzian Tintin oso ezaguna da, baina ni Asterix zalea naiz. Hau da, galiarra bezala, ez dut arazorik, abentura sumatuz gero, hanka egiteko. Leku asko ezagutu nahi ditut oraindik.

Nola sortu zitzaizun Parisera joateko aukera?

Informatiboetako zuzendariak, Jaime Otamendik, eskaintza egin zidan. Egun batzuetan pentsatu eta baietz erantzun nion oso aukera interesgarria iruditu baitzitzaidan. Frantzian denetarik jorratu dut: ekonomia, politika, kirola…

Zer moduz gainontzeko berri emaileekin?

Bikain. Ez gara lankideak soilik; lagunak ere bagara, eta gazteenok koadrila moduko bat ere egin dugu, gainera. Ez dugu inolako arazorik elkarri laguntzeko.

Frantziak sukaldaritza bikaina du. Egia al da?

Ez nuen uste horren ona zenik. Guk gastronomia asko goraipatzen dugu, baina Parisek eskaintzen duen sukaldaritza ez da batere txarra.

Arzak duzu abizena. Deitura horrekin, zer moduz pertza artean?

Hamaika txantxa entzuna nago. Milaka aldiz galdetu didate ea sukaldariarekin harremanik dudan. Sukaldean moldatu egiten naiz… Patata tortilla, txistorra… Haien falta izaten dut hemen. Herrimin gastronomikoa izaten dut tarteka.

Zenbat kruasan eta 'cafe ole' hartua zara?

Makina bat! Ez ditut zenbatzen, nahiko gozozalea bainaiz. Etxean, hala ere, asko argaltzen ari naizela esan didate.

Politikari begira jarrita, egungo Barne ministroa, Nicolas Sarkozy 'Sarko', zentro-eskuinaren hautagai (UMP) izendatu dute. Eliseorako bidea hartu al du?

Irabazteko aukera duela uste dut. Sarkozyk, eskuinaren hautagaia izan arren, irudi populista du. Erabatekoa, gainera. Bere ideiak alde batera utziaz, oso komunikatzaile ona da: segituan ohartzen da zer entzun nahi duen herriak eta di-da botatzen du. Segurtasun handiko gizona da. Maiatzaren 6an, garaipena ez du urrun izango.

Beraz, Segolene Royalek, hautagai sozialistak, nahiko lan izango du itzala egiteko?

Bai, baina hala ere, ez du arerio samurra izango Sarkok. Frantziako presidente izateko benetako aukera duen lehen emakumea da, eta nolabaiteko iraultza bat sortu da bere inguruan. Frantziako sozialismoaren irudi berria da. Dena dela, hautagai izendatu zutenean, aukera handiagoa zuela zirudien. Azken boladan, ordea, ez da gauza askori buruz hitz egitera ausartu, eta jarrera horrek kalte egin dio.

Etxebizitzaren aferak gazte asko mobilizatu ditu Frantzian

Oro har, hemen, gazteak Euskal Herrian baino gehiago mobilizatzen dira; azkenaldian, etxebizitza dela eta. Baita etxerik gabekoen aldeko ekimenak bultzatzeko ere. Parisen erdigunean hutsik zegoen eraikuntza bat okupatu eta 'Etxebizitzaren Krisiaren Ministerioa' sortu dute zenbait elkartek.

Duela urtebete istilu latzak izan ziren Frantziako hiri askotako auzo txiroetan.

Gauzak lasaitu egin dira, baina arazoak bere horretan jarraitzen du: edozein momentutan piz daiteke berriro. Auzo horietan egona nago, eta gazteen egoera istiluen aurreko berbera da: ez daukate ia garraiobiderik hiri erdiguneetara iristeko, gehienak duela bizpahiru belaunaldi Frantziara etorritako etorkinen seme-alabak dira eta langabezian daude...

Maiteminduen hiria izaten jarraitzen du Parisek?

Bai. Badu xarma erromantikoa, nahiz eta nire bikotekidea Euskal Herrian dagoen. Bisitari gehien jasotzen duen munduko hiria da. Parisko nire 27 metro karratuko etxea, lagunentzat, Euskal Etxea bihurtu da.

Humphrey Bogartek zion bezala, 'Beti geratuko zaigu Paris'?

Bai. Hemendik alde egiten dudanean, nolabaiteko sentimendu berezi bat izango dut hiriarekin. Ziur.

Haurrak Parisen jaiotzen dira oraindik?

Ez daukat inolako zalantzarik, Frantziak Europako jaiotze tasa altuena du eta!

Amatasun eta aitatasunarengatik, Estatuak diru laguntza eskuzabalak ematen dizkie frantziarrei.

Laguntza sozialetan aldea ateratzen digute. Adibidez, langabezian dagoen gazte batek laguntzak jasotzen ditu. Mota askotakoak daude. Haur bat jaiotzen denetik ia-ia 20 urte betetzen dituen arte, hainbat laguntza mota jasotzen ditu. Hala ere, ekonomikoki zorra handitzen ari denez, zail izango zaie gizarte sistemari eustea. Hori bai, zergetan ere ez dute gutxi ordaintzen