Ana Olazabal: “Inspirazioa aldatu ahala, gauza ezberdinak egiteko gogoa izaten dut”

Ana Olazabal: “Inspirazioa aldatu ahala, gauza ezberdinak egiteko gogoa izaten dut” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ana-olazabal-inspirazioa-aldatu-ahala-gauza-ezberdinak-egiteko-gogoa-izaten-dut/@@download/image/20122273518ana_olazabal.jpg
2012/12/13
berria
Maialen Goñi
Ana Olazabal: “Inspirazioa aldatu ahala, gauza ezberdinak egiteko gogoa izaten dut”
Estatuko Diseinatzaile Gazterik Hoberenaren saria eskuratu du Ana Olazabal donostiarrak. Parisko Pret a Porter azokan stand propioa jarriko du irailean, garaipena eman dion 'Release' bildumako jantziak eta hasi berri dituen beste batzuk erakusteko. Irudiz, telaz eta figuraz beteriko Madrilgo gelatik erantzun dio GAZTEZULOren deiari, sormenaren unibertsoan murgildurik. Berarekin solastuta, ez dugu dudarik: egindako lanagatik merezitakoa du aitorpena.

Estatuko diseinatzaile gazterik hoberena zara uneotan, 22 urtetxorekin. Nola sentitzen zara?
Egia esan, ustekabekoa izan da! Lehenik eta behin, ez nuen Bilbon irabaztea espero —bertan hautatu zuten Madrilera joateko—; handik Madrileko lehiaketara joan nintzen, parte hartzeko intentzioarekin, besterik gabe… eta han ere irabaztea ikaragarrizko sorpresa izan zen. Dagoeneko egun batzuk pasa dira, eta pixkanaka sinesten hasi naiz.

Paris eta New York ziren zure ametsetako bi, eta bat behintzat, betetzeko zorian da!
Gezurra dirudi baina hala da! —barre egiten du—. Madrilen lortutakoarekin irailean Pret a Porter feria batera joateko aukera eman didate, eta oso pozik nago.

'Release' izan da zuk aurkeztutako bilduma. Nola definituko zenuke bi hitzetan?
Petrolioak itsasoaren gainean duen mugimenduan oinarritutako bilduma da.

Beraz, edozein lekutan bila daiteke inspirazioa…
Bai, hori oso argi dago! Momentu batzuetan gauza batzuek erakartzen zaituzte, eta horiek hartzen dituzu inspirazio iturri. Une hartan petrolioa hartu nuen, eta halaxe sortu da Release.

Eta orain egiten ari zaren bilduma berrian, zein da inspirazio iturria?
Ofelia koadroa hartu dut oinarri. Oso irudi erromantikoa da, aurrekoaren ostean beste zerbait egiteko gogoa bainuen. Kolore gehiago sartuko ditut eta forma ezberdinak bilatu; hori bai, nire estiloa jarraituz!

Zure estiloa jarraituz diozu… eta zein da zure estiloa?
Klasikoa eta abangoardia nahasten ditut. Puntu klasiko bat du, baina ere berean momentuko tendentziekin jokatzen dut. Nik uste dut oso erraza dela nire jantzi bat bereiztea, nire kutsua du.

Beharbada aita bati seme-alabarik gustukoena zein den galdetzea bezalakoa da, baina bilduma honen baitan, ba al duzu jantzi gustukoenik?
Oso zaila da esaten, baina badago ibiltokiak ixteko beti erabiltzen dudan konjunto bat: lumadun gona grisa eta beroki beltza. Nik uste ikusgarriena delako erabiltzen dudala. Gainera, hori da petrolioaren ideia hoberen islatzen duena.

Ni bezalako ezjakinentzat, nolakoa da bilduma oso bat sortzeko prozesua?
Ongi uler dezazun, azken proiektu hau nolakoa izan den azalduko dizut. Milanen egon nintzen Erasmus programaren baitan, eta handik itzulita milaka haserretu topatu nituen Madrilgo Puerta del Sol plazan. Oroitzen duzu, ezta? Ba nik horiekin bat egin nuen! —barrez—. Bertan irailaren 11ko Dorre Bikien aurkako erasoari buruzko erreportaje bat ikusi nuen, eta hortik abiatuta, munduko bidegabekeriei eta gerrei buruz informazioa bilatzen hasi nintzen. Irudi mordoa ikusi nituen, diseinatzaileek hori egin behar baitute ideiak lortzeko; haur gosetiak, gerrako irudiak, etab. Eta azkenik, guzti horren bitartez petroliora iritsi nintzen. Azken batean, gerra askoren atzean petrolioa bera dagoela uste dut. Beraz, horixe hartu nuen oinarrizko material moduan.

Hurrengo urratsa, marrazten hastea.
Petrolioak itsasoaren gainean egiten dituen mugimenduak, dituen tonalitateak, horiek irudikatzeko erabili nitzakeen materialak, bolanteak, uhin formak… Horiek denak marrazten hasi nintzen, eta modeloen zirriborroak egiten.

Eta horiek prest izandakoan, telen bila hasiko zinen?
Behin betiko zirriborroa egin behar da lehenago, eta baita diseinuaren fitxa teknikoa ere. Hau da, jantzia nondik irekiko den, mozketak non eta zergatik leku horretan egin behar zaizkien… Horrelako detaile guztiak fitxa teknikoan sartu behar dira. Eta orduan bai, materialak aukeratu.

Dena prest, beraz, josten hasteko.
Oraindik ez! Patroiak egin behar izan nituen, eta horiek gorputzean nola geratzen ziren frogatu. Dena ongi zegoenean, behin betiko tela hartu eta patroiaren arabera moztu nuen.

Josi aurreko ibilbidea luzea da, dudarik gabe.
Bai, bai. Release bildumaren kasuan nik josi nituen jantzi gehienak, nahiz eta momentu batzuetan laguntza behar izan nuen, denbora faltagatik.

Baina prozesu osoa zure gain hartzen duzu, ezta?
Telak erosi, patroiak egin, jantziak josi… Guztia nire esku!

Jendeak askok uste ez badu ere, lan handia da!
Argi dago ez dela lan erraza. Nik hiru hilabete pasa ditut egunean hiru ordu lo egiten, eta zazpi kilo argaldu ditut. Gau eta egun pasa dut, lagunekin ia atera gabe. Bilduman pentsatzen pasa zait denbora! Gainera, patroiak egitea eta jantziak jostea nahiko azkar egin dut; aldiz, askoz gehiago kostatzen zait diseinatzea. Oso gustuko dut, baina buruari etengabe bueltak ematen dizkiot: ze forma, ze tela….

Zirriborroak ere, milaka orduan!
Mordoa! Lehenengo zirriborroa orban bat baino ez da, ez du ez formarik ez ezer. Eta hori gorputzari egokitu behar diozu apurka.

Pentsatze hutsarekin nekatzen naiz! —brometan—. Baina haurra zinenetik argi zenuen modaren munduan aritu nahi zenuela, ezta?
Oso txikia nintzenetik esaten nion amari nola jantzi nahi nuen, eta baita berak nola jantzi behar zuen ere! Behin, orgatxoan nindoala, denda bateko erakuslehioaren aurretik pasa ginen; txarolezko zapata beltz batzuk ikusi nituen han, eta "Ama, erosi zapata horiek" behin eta berriro errepikatu nuen, azkenean erosi zituen arte.

Norentzat nahi zenituen, baina, zapatak?
Berarentzat! —barrez—. Oraindik gordeta dauzka.

Panpinek ere jasango zituzten modarekiko duzun zaletasun horren ondorioak...
Etengabe janzten eta eranzten nituen, baina nire arropekin!

Beraz, zure ikasketak ere modaren eta diseinuaren inguruan egingo zenituen?
Ez pentsa! Zientzietako batxilergoa egin nuen nik, eta hori amaituta Enpresaritza ikasten hasi  nintzen Donostian. Ez nuen hiritik alde egin nahi! —barrez—. Egia esan, horrexegatik baino ez nuen hautatu Enpresaritza. Baina urte bete egin aurretik argi ikusi nuen moda zela nire benetako zaletasuna, eta asko kostatu arren, Madrilera joan behar nuela. Orain asko pozten naiz hartutako erabakiagatik.

Nolakoa da zure eguneroko bizitza?
Oro har klaseetara joaten naiz, baina bilduma bat egin behar badut ez naiz etxetik irten ere egiten. Orain, adibidez, marrazten eta koadroa behin eta berriro aztertzen pasatzen dut denbora. Koloreak, formak ikertzen egoten naiz.

Etxea ere prestatuta izango duzu…
Josteko makina, marrazteko lekua… dena prest! Figurin batzuk eginda ditut, eta horiei bueltak eta bueltak ematen ibiltzen naiz egun osoa.

Diozunagatik, egiten duzuna maite behar duzu.
Hau ez da "pinta y colorea", ez!

Lehen aipatu duzu Milanen izan zinela Erasmus programarekin. Nolakoa izan zen esperientzia?
Badakizu Erasmusak nolakoak diren! —brometan—. Baina nik Madrilgo nire unibertsitatearen eta hangoaren arteko aldeak ikusi nahi nituen, eta egia esan behar badut, nahiago dut hemengoa. Hori izan zen atera nuen ondorio nagusia. Guk gaiak sakonago lantzen ditugu: enpresa plana egiten dugu; fisika, kimika eta matematika bezalako ikasgaiak lantzen ditugu… Ez dauka zerikusirik!

Milango modak, ordea, ospe ona du…
Oso ezberdina da, beste ikuspegi bat baitute. Hango estiloa diferentea da, eta oso bestelako materialekin lan egiteko joera dute. Hemen erabiliko ez genituzkeen materialak aukeratzen dituzte; nik ez nituzke sekula aukeratuko!

Guk janzkera hobea dugu, beraz.
Nik beti diot Donostian oso ongi janzten garela; atera aurretik armairua begiratzen du jendeak, eta gustu ona izan ohi du. Madrilen, dena den, kontua bestelakoa da. Agian jende asko dagoelako izango da, baina  okerrago janzten dira.

Zure diseinuetara itzuliz, zein da egin zenuen lehen diseinua?
Diseinua ikasten hasi aurretik akademia batera joan nintzen modaren mundua nolakoa zen ikusteko. Bertan soineko bat diseinatu nuen, eta huraxe bera egin nuen gero. Noski, denbora asko behar izan nuen, ez bainekien prozesua nolakoa zen ere! Asko gustatu zitzaidan, eta horregatik Madrilera joatea erabaki nuen. Bertako lehen jantzia ere oso gogoan dut, eta batez ere, oso ongi gordeta! Picassoren Gernika koadroa erabili nuen inspirazio iturri, eta zuritik grisera bitarteko tonalitateak zituzten tela ezberdinen zatiekin egin nuen, orban gorri bat zutela. Koadroaren atalak irudikatu nahi izan nituen horrela.

Huraxe jantzita, dotore joango zinen ba!
Lehenengo mailan nengoen, eta guk geuk jantzi genituen egindako lanak ibiltokian erakusteko. Baina ez dut kalera sekula atera, oso artistikoa delako eta paper zatiak ere badituelako.

Senitartekoek, lagunek… janzkera aholkuak eskatzen dizkizutenean, ezin gezurrik esan.
Sekula ez! Janzkeraren inguruan galderak egiten dizkidatenean egia esaten diet beti, ez dakit gezurrik esaten.

Gustura hartuko dituzte, orduan, adituaren gomendioak.
Egun berezietan, esaterako, Urte Zaharretan, galdetu izan didate nire iritzia, eta erosten dituzten gauzak ere erakutsi izan dizkidate. Gainera, nire lanari buruz ere jakin nahi izaten dute: nola noan, zein izan den nire oinarria, zergatik aukeratu ditudan gauza konkretu batzuk… Batzuetan denbora pasatzen dugu hizketan.

Orain arte nesken bildumak baino ez dituzu egin; neskek aukera gehiago ematen dute, agian….
Gizonezkoek bakeroetatik eta kamisetatik haratago joatea oztopatzen dien hesi moduko bat dute oraindik; neskok, ordea, aldaera gehiago ditugu. Kalean ere argi ikusten da hori. Mutilentzako diseinuren bat edo beste egin izan dut, baina gehiago kostatu zaizkit. Baina diseinatzaileak ari dira pixkanaka gizonentzako arropa gehiago egiten, eta beste estiloekin probatzen.

Estiloa aipatuta, zein duzu nahiago: ibiltokietakoa ala egunerokoa?
Bildumetan biak nahasten saiatzen naiz. Eguneroko modelo batzuk egiten ditut, eta ibiltokia ixteko jantzi eleganteagoak egiten saiatzen naiz; gona luzeak, orokorrean. Baina ez nuke zein nahiago dudan esaten jakingo, biak egiten ditudalako.

Aldiz, ibiltokietan ikusten diren jantzi asko ezin dira egunerokoan erabili.
Ez, ibiltokietan tendentzien oinarriak erakusteko diseinuak egiten direlako. Ondoren, horiek egokitu eta edonork kalean erabili ahal izango dituen arropak egiten dira. Ibiltokia erakuslehioa baino ez da, egiten ari zaren horren kontzeptua lantzen den tokia. Bertan zure lanaren muinean dagoen ideia baino ez diezu erakutsi nahi ikusleei. Gerora, dendetan, ez dituzte "ezinezko soineko" horiek salgai jartzen, haiek ardatz hartuta egindako praka bakeroak baizik.

Moda, azken batean, nork bere burua adierazteko modu bat da.
Nork bere izaera erakusten du arroparekin, eta pixkanaka geroz eta jende gehiago ari da janzkerarekin jolasten. Oso positiboa dela uste dut.

Geroz eta jende gehiagok jolasten du modarekin, eta geroz eta gehiago dira Sarean modari buruzko blog-ak dituzten neskak.
Nik neuk ez dut blogik, baina Moda Kazetaritza izeneko master bat egin nuen, eta bertan behin eta berriro esaten ziguten halako bat egitea komeni zitzaigula. Orain asko daude, gehiegi agian. Ospe handia hartu dute, eta nork bere estiloa munduari erakusteko balio dute.

Jarraitzen al duzu baten bat?
Ikaragarri daude, eta horietako batzuk gustatzen zaizkit. Interesgarriak dira, baina ez dira nire diseinuen inspirazio iturri. Look-ak ikustea atsegin dut, eguneroko janzkerak. Hori bai, modaren mundua oso zaila da, eta egiten duzuna asko gustatu behar zaizu aurrera jarraitzeko. Irabazi berri ditudan lehiaketa hauek oso baliabide egokiak dira nire izena ezagutarazteko, eta egindako lana jendeari erakusteko.

Modaren munduan nork bere txokoa egiteko zailtasunak aipatu dituzu, eta horiek gertutik ikusi zenuen Isabel Zapardiezen tailerrean.
Udan bi hilabeteko praktikak egin nituen bere Donostiako tailerrean. Ezkongaien jantziak eta gaueko soinekoak neurrira egiten ditu, bezeroaren gorputzari egokituta. Beraz, goi mailako joskintzaren oso antzekoa da. Sorkuntza prozesuaren fase guztiak probatu nituen, eta asko ikasi nuen.

Baina zuk zure izena daraman marka sortu nahi duzu.
Horixe da nire helburua, baina oso gaztea naiz oraindik eta gauza asko dauzkat ikasteko. Beste norbaiten esanetara hasita asko ikasiko dut, eta nire firma sortzeko behar ditudan ezagutzak lortuko ditut. Esperientzia hartu, azken batean.

Kuriositatez, baina nolakoa da zure armairua?
Handia da, baina ez pentsa gauza bereziz beterik dagoenik! Nik bakeroak erabiltzen ditut egunero, eroso joateko ez baitago hori baino hoberik. Pixka bat apainago joaten naizen egunetan, dena den, nire estiloa jarraitzea gustatzen zait, besteak bezala jantzita joan gabe.

Ordenaturik al dago?
Madrilgoa bai, baina Donostiakoa ez, arropa pila bat dudalako han! —barrez—.

Eta Madrildik Donostiarako bidean, zenbat maleta?
Lau urteren ondoren bakarra eramaten ikasi dut, asteburua pasatzeko arropa justua eramatea nahikoa baita. Baina neskok beti dugu maletarik handiena hartu eta betetzeko joera.

Ba al duzu noizbait egitea gustatuko litzaizukeen jantziren bat, edota bildumaren bat?
Egia esan, momentuaren araberakoa da. Inspirazioaren iturria aldatzen doan heinean, gauza ezberdinak egiteko gogoa izaten dut.

Amesten jarrita, zein litzateke zure jomuga?
Jendeari gustatzen zaion marka bat sortzea, eroso sentiaraziko duena.

Anaren Kuttunak


Janzteko prenda bat: Praka bakeroak.

Kolore bat: Beltza.

Nor janztea gustatuko litzaizuke: Charlize Theron.

Gustuko diseinatzaile bat: Ezin dut bakar bat aukeratu, McQueen eta Balenciaga.

Zure diseinuen ibiltokia egiteko hiri bat: Paris eta New Yorken artean nago, baina Paris esango dizut.

Estilo bat: 50eko hamarkada.