Ana Isabel Pérez: "Krisiaren eraginez aurreko ekonomia eredu guztiak agortuta ageri dira"

Ana Isabel Pérez: "Krisiaren eraginez aurreko ekonomia eredu guztiak agortuta ageri dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ana-isabel-perez-krisiaren-eraginez-aurreko-ekonomia-eredu-guztiak-agortuta-ageri-dira/@@download/image/img-20150617-wa_1434629539.jpg
2015/06/18
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
Gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei lorezaintzan, ingurumenaren zaintzan eta nekazaritzan lana ematen die Gasteizko Garbinguru enpresak, irabazi asmorik gabeko IRSE elkartearen baitan. Ekonomia Solidarioaren III. Azokan izango dira larunbatean. Ana Isabel Perez Bengoa arduradunarekin hitz egin dugu.


Ekonomia Solidarioaren Azokan parte hartzen duzuen lehen aldia al da aurtengoa?
Hala da, bai. Enpresa gisa ez gara beti halako azoka batean parte hartzeak dakarren esfortzuari aurre egiteko gai izan. Baina aurten, etxean da (Gasteizen), eta nahi eta nahi ez egon behar genuen...

Zein garrantzia dute, zure ustez, gisa honetako ekimenek egun?
Ekonomia Solidarioaren Azokak ekonomia alternatiboan lanean ari garen kide eta elkarteen lana azaleratzea ahalbidetzen du, eta gainera, errespetuz eta arduraz kontsumitu nahi duten pertsonei eta familiel alternatiba berriak erakusteko ere balio dute.

Grupo IRSE 1987an sortu zen eta egun, Garbinguru, Zabaltegi eta Amaya Digital enpresek behar gehien dituztenen gizarteratzearen alde lanean ari zarete. Nola hasi zineten?
1999 eta 2000 urteen bitartean, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Arabako Nekazarien Elkartearen eta IRSE Arabaren elkarlanari esker, gizarte zerbitzuek bideratutako hainbat langileek sasoiko nekazaritza lanetan parte hartzeko ekimenak antolatu zituzten. Esperientzia horien ondorioz, Arabako Lurralde Historikoak zuen lorezaintza eta nekazaritza zerbitzuen beharraz jabetu ginen, eta IRSE elkarteak, gizartean zailtasun eta eragozpen gehien dituzten kolektiboentzat lan eskaintzak sortzeko konpromisoa hartu zuen orduan, gizarteratzea sustatzen duen enpresaren sorkuntzaren bitartez.

Beraz, zein dira IRSEren erronka nagusiak?
Gizartearen esku-hartzean lan egiten jarraitzea, kudeatzen ditugun programetan parte hartzen duen jendeari konpromisoz, zerbitzuak eskaintzen jarraituz.
Eta Garbingururenak?
Egun, eskaintzen ditugun zerbitzuetan kalitatea, profesionaltasuna eta gertutasuna eskaintzea. Eta enpresa gisa dugun merkatu kuota mantendu, eta ahal bada, areagotzea, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonek lanbide merkatu arruntean sartzen laguntzeko.
 
Zein dira, gizarteratzeari dagokionez, IRSEk eskaintzen dituen gainontzeko zerbitzuak?
Haur eta gaztetxoentzako bizitoki funtzionalak eta kaleko heziketa, familientzako prebentzio programak, zerbitzu intrajudizilak eta gizarteratzea sustatzeko espazioak, besteen artean...

Zein izan dira zure ustez, norabide honetan, azken urteetako lorpenak?
Krisi ekonomikoak gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen profil aldaketa sakona eragin du, egun edonor egon daitekeelako egoera honetan; lehen lana aurkitzen ez duten gazteak; 45 urtetik gorako langabeak; lan prekarioak dituzten familiak... Ondorioz, gizartea orokorrean sentsibilizatuagoa dago, guztiok baitugu norbait egoera honetan. Beraz, gizartea mobilizatuago dabil aldarrikapenetan.

Krisiak zein eragin izan du zuengan?

Krisiaren eraginez aurreko ekonomia eredu guztiak agortuta ageri dira, eta ondorioz, orain inoiz baino beharrezkoagoak dira ekonomia solidarioaren aukerak. Izan ere, garatutako esperientziak orain arte txikiak diren arren, modu geldiezinean hazten joango diren aukera berrien haziak landatu dira, zalantzarik gabe, eta orain ez dago atzera bueltarik!

Amaitzeko, zein iritzi duzu Euskal Herrian, ekonomia solidarioari eta gizarteratzearei dagokionez egiten ari den lanaren inguruan?
Mugimendu asko dagoela uste dut. Funtsezkoa den ibilbidea egiten ari da, eta gainera, ondo; antolakuntza egokiaren bitartez. Eta are garrantzia gehiago du honek, gisa honetako proiektuak sustatzen dituen jende gehiena bolondres moduan ari baita.