Ana Ibañez ilustratzailearen erakusketa Donostian

Ana Ibañez ilustratzailearen erakusketa Donostian Abenduaren 12ra arte izango dira ikusgai nafarraren lanak Aiete Kultur Etxeko 'Ilustratzailearen Txokoan'. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ana-ibanez-ilustratzailearen-erakusketa-donostian/@@download/image/Ana Ibañez_irudia.jpg
2021/09/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abenduaren 12ra arte izango dira ikusgai nafarraren lanak Aiete Kultur Etxeko 'Ilustratzailearen Txokoan'.
Ana Ibañez ilustratzailearen erakusketa Donostian

Ana Ibañez Elosua sortzaile nafarrak bere lanak erakutsiko ditu Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak eta oraingoan Ibañezen txanda izango da abenduaren 12ra arte. Erakusketa asteartetik igandera egongo da irekita, astean zehar 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara eta igandetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.

Ana Ibañez (Iruñea, 1972) Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, eskultura alorrean. Era berean, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Ibañezek zirriborro egile, marrazkilari eta eskulturagile gisa definitzen du bere burua. Bere lanak teknika ezberdinen mugak hausten ditu, eta hariak, papera eta marrazketa uztartzen ditu. Taldekako zein bakarkako hainbat erakusketetan parte hartu du eta baita hainbat sari eta beka jaso ere, tartean Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian Eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria. 

Hainbat irudidun liburu argitaratu ditu Dani Martinera idazlearekin batera eta Liburu iletsuak zigilua sortu zuten elkarrekin. Kaleratutako liburuen artean honako hauek daude: Hankaz gora du amak mundua (2015), Jonek Jone izan nahi du (2017) eta Amonarenean Kea (2020). Horretaz gain, Pamiela argitaletxearekin 2018an kaleratutako Cosimoren katiuskak lanak 2018ko Etxepare Album Ilustratu saria eskuratu zuen.

2012ko urrian jarri zen martxan Ilustratzailearen Txokoa Aiete Kultur Etxean eta hainbat ilustratzaile igaro dira bertatik: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran, Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain Lora, Paul Caballero eta Irrimarra bikotea (Irene Irureta eta Karmele Gorroño).