ANA HINA

Etno technoaren izarretako bat da Natacha Atlas, eta zubi sendoak eraiki ditu ekialdeko eta mendebaldeko kulturen artean. Transglobal Underground-en eman zituen lehen pausoak: oinarri elektronikoen gainean, hainbat herrialdetako erritmo etnikoak nahasten zituzten. Bakarlari gisa, zortzigarren diskoa du honakoa. Azken urteetako joera jarraituz, oinarri elektronikoek nagusitasuna galdu dute, eta 50-60eko hamarkadetako musika arabiarraren ukitua nabarmenagoa da. Mazeeka Ensemble taldeak parte hartu du diskoan. Ondo landutako haize eta perkusioak, melodia goxoak, eta Natacharen ahots berezia nagusi.