Amy Lou Adams: Denborak ondutako printzesa

Amy Lou Adams: Denborak ondutako printzesa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Amy Lou Adams: Denborak ondutako printzesa
Testua: Aitor Abaroa

Talentua barnean eramaten da, eta batzuetan, kosta egiten zaio azaleratzea. Amy Adams ez zuten etorkizuneko izar izendatu; ez zuen begitaziodun zuzendari batek eskolako antzezlanean ikusi. Tutua jantzi eta barrari helduta txunditu nahi zuen publikoa. Ilegorri oparoa, begi urdin distiratsuak eta esnegain azala; Errusiako Balletean panpina ederra izan zitekeen, baina ez zeukan behar zena. Zorionez, taula gainetik ez jaistea erabaki zuen.
Zinean egin zuen lehen filma, zortea izanez gero, DVDak alokatzen dituzte denda galduren batean aurki daiteke: Drop Dead Gorgeous (1999). Ondorengoak ez ziren askoz hobeak izan; Cruel Intentions (1999) interesgarriaren jarraipen ustela kasu. Baina, bazuen ateratzen ez zuen karisma, ezkutuan, eta handienetako batek ikusi zuen. Steven Spielbergek Catch Me If You Can (2002) dotorean Leonardo Di Caprioren alboan jarri zuen.
Baina azken pausoa falta zitzaion: adituen oniritzia. Hala, handinahirik gabeko Junebug (2005) hunkigarriaren aldeko apustu egin, eta bete-betean asmatuta, Oscar sarietarako izendapena jaso zuen. Talentuak, sakonean egon arren, azkenean atera behar izaten du, nonbait. Eta nola ez, Kodak antzokiko alfonbra gorriak billete berdeen gaztelurako bidea erakutsi zion. 2007an egin zuen Enchanted, Disneyren printzesa modernoa gorpuztuz.
Aktore errespetatuen zirkuluan sartzea baino ez zitzaion falta, eta horretarako, zeluloidezko erregina baten alboan indarrak neurtzea baino hoberik ez dago. Doubt (2008) izan zuen azken azterketa, eta Meryl Streepen itzalak ez zuen Amyren distira itzali. Oscar sarietarako bigarren izendapena lortu zuen. Eta garrantzitsuagoa dena: lankideen aldetik miresmena. Pentsa, oraintsu zinema aretoetan ikusi dugun Julie & Julia (2009) zaporetsuan Streepekin aritu da berriz ere. Aurki, Leap Year komedia erromantikoan ikusiko dugu.
Nortasun Agiria:
Jaioteguna: 1974-08-20.
Jaiolekua: Vicenza (Italia).
Ezizena: Tinker (jostari).
Mutil-laguna: Darren Le Gallo aktorea.
Aktore kutunena: Julie Andrews.
Film maiteena: The Shawshank Redemption (1994).
Telesain gogokoena: The West Wing.
Beldurra dio: Eszenaratzeari eta leku itxiei.
Gogoko ditu: Gurinaz egindako jakiak.
Jan duen gauzarik arraroena: Oliba olio zaporedun izozkia.