Amurrion ekingo diote Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliari

Lehen itzuliko lau finalaurrekoak jokatuta, bihar hasiko da bigarren itzulia, Amurrion. Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Iguaran Barandiaran eta Onintza Enbeita Maguregi arituko dira bertsotan Bañueta kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Gai-emaile lanetan, berriz, Beñat Vidal Gurrutxaga arituko da.
Fase aldaketarekin batera, epaileak ere beste batzuk izango dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Larunbatean idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga arituko dira.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke. Amurrioko leihatila ere zabalduko dute, 15:00etatik aurrera. Kiroldegiko ateak 15:45ean irekiko dituztela jakinarazi du Bertsozale Elkarteak.
Beste bi finalaurreko
Amurrioko saioaren ondotik, azken bi finalaurrekoak jokatuko dira: bata, Baionan izango da, azaroaren 26an, eta bestea Bilbon, abenduaren 3an. Baionako saioan, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia arituko dira. Bilbon, berriz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Saioa Alkaiza Guallar, Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, eta Joanes Illarregi Marzol izango dira.
Lehen itzulian lortutako puntuak eta bigarren itzulian lortutakoak pilatuko dira finalerako sailkapenerako. Hala, bi itzulitan puntu gehien biltzen dituzten zazpi bertsolariek kantatuko dute abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalean, Maialen Lujanbiorekin batera.
Saioak hedabide edo sareetan jarraitzeko aukera
Finalaurreko guztiak zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen gidaritzapean. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta Hitzetik Hortzera telebista saioan ere emango dira bertsoaldiak, 15:00etan, ETB1en.
Gainera, ETB1ek larunbat gauetan eskainiko ditu eguneko saioak. Azaroaren 19an 23:00etatik aurrera izango da emankizuna, eta azaroaren 26an eta abenduaren 3an, aldiz, 21:00etatik aurrera.