Amoranteren kontzertua izango da gaur Donostian
Donostia Kulturak Amorante musikariaren kontzertua antolatu du gaurko, ostirala, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Emanaldia arratsaldeko zazpi eta erdietan izango da, eta sarrerak salgai daude, zazpi euroan.
Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da Amorante. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Hala azaldu dute Amoranteren musikaren inguruan: "Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, errotik ateratzen ditu musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatu ahal izateko. Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren ispiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oihartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan".

Bat edo Hiru du izena Amorantek kaleratutako azken diskoak, 2020koak. Diskoa Aitor Etxebarriaren estudioan grabatu zuen eta hura aritu zen ekoizle lanetan ere. Diskoa pandemiaren aurretik sortzen hasi zen Amorante eta, hasiera batean asmo hori ez bazuen ere, zazpi kantuak kontzeptu bati josita ekarri ditu diskora, abesti guztietan heriotza ageri baita. Honela deskribatu dute lana:"Disko beltza da, iluna eta, era berean, tristeziaren edertasuna dariona. Iluntasuna hitzetatik abiatzen da eta musika tresnen soinua ere bide horretan barna dabil. Tronpetak inoizko presentziarik handiena du, pianoa eta soinu elektronikoa giro horretara bideratu du, eta Mariano Hurtadoren kontrabaxu doinuek edota Joseba Irazokiren gitarrak giro horri ñabardurak erantsi dizkiote, baita ahotsari ezarritako efektuek ere".

