Aminetu Haidarren alde

Aminetu Haidarren alde https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aminetu-haidarren-alde/@@download/image/200912104039imagesnagusia.jpg
2012/12/13
berria
www.saharatik.com Azaroaren 18an ekin zion gose grebari politikari sahararrak. Saharan bizi ahal izateko behar duen pasaportea itzuli bitartean bere horretan mantenduko dela iragarri du. Egoera larria da eta hainbat elkartasun ekimen abiarazi dira munduan nahiz Euskal Herrian.

1975eko azaroaren 14ean Espainiako erregimen frankistak Mendebaldeko Saharako lurraldea Maroko eta Mauritaniaren artean banatzea erabaki zuen. Marokoko ejertzitoak zibilez osaturiko Martxa Berdea delakoaren atzetik, lurraldea okupatzeari ekin zion berehala, eta sahararrak Algerian errefuxiatu behar izan ziren, desertuan errefuxiatuen kanpamenduak eraikiz.  

Ordudanik etenik gabea izan da Maroko eta sahararren arteko borroka. Duela urte batzuk Nazio Batuen Erakundeak arazoari irtenbide bat emateko autodeterminazio kontsulta bat egin behar zela erabaki zuen, eta sahararren Fronte Polisarioak su etena deklaratu zuen. Marokok, ordea, behin eta berriro atzeratu du kontsulta, eta errepresioaren bidearekin jarraitu nahi izan du: atxiloketak, torturak, desagerpenak… Joan den urriaren 8an, esaterako, giza eskubideen alde lan egiten zuten zortzi saharar atxilotu zituzten Casablancan. 

Horiek guztiak salatzeko asmoz bidaiatu zuen Aminetu Haidar politikari saharrarak Espainiara azaroaren hasieran. Marokoarren okupazioaren 34. urteurrena salatzeko manifestazioak egin ziren azaroaren 13an eta 14ean estatu guztian zehar, eta sahararren ordezkari lanetan aritu zen Haidar.

Marokoko Gobernuari ez zion nonbait grazia handirik egin saharar emakume honen salaketak, eta azaroaren 18an El Aaium-en hegazkinetik jaitsi zenean pasaportea kendu eta Espainiara bueltan bidali zuen.

Ordudanik gose greban dago Haidar Lanzaroteko aireportuan. Pasaportea itzuli bitartean bere horretan mantenduko dela iragarri zuen, eta 30egun igaro dira ordudanik. Bere osasun egoerak okerrera egin du, eta ahalegin diplomatikoek ez dute, oraingoz, fruiturik eman.

Haidarren aldeko ekimen ugari antolatu dira mundu guztian zehar, eta baita Euskal Herrian ere. Abenduaren 1ean eta 5ean manifestazio bana egin zen Bilbon. Loiun ere egin zen kontzentrazio bat abenduaren 9an, eta Gasteizen ere astero biltzen dira. Ostegunero izaten dira kontzentrazio hauek arratsaldeko zazpietan Espainiako Gobernuaren Delegaritzaren aurrean. Etorkin Sahararren Euskadiko Elkarteak (EUS-SAH) antolatzen ditu.

Bestalde, Haidarrekiko elkartasuna adierazteko posta helbide bat ere jarri du elkarte honek guztion eskura; todosconaminatou@gmail.com. Gazte Yai-Lah ekimenak 'Saharatik Euskal Herrira' lelopean antolaturiko  www.saharatik.com webgunean aurkituko duzue informazio gehiago.