Amildegien Paradisua

Irlandari buruz hitz egiten dugunean, zer datorkigu burura? Baten bati Guiness zerbeza freskoa, eztarritik behera irristatzen ari dela. Hala ere, hark Dublingo Temple Bar ospetsuan musika dotorea entzuten duen bitartean, beste batzuek herri honetako zelai eta paisaia berdeez gozatzen dute.
Egia da. New York-ek bere skyline duen bezalaxe (nahiz eta orain zertxobait apurtuta egon), Irlandak bere costa-line berezia du, izugarrizko amildegiez osatua.
Ipotxen herri honetako amildegirik entzutetsuenei Cliffs of Moher esaten zaie eta uhartearen mendebaldean daude, Clare konterrian, hain zuzen. Zortzi kilometrotan, 200 metroko amildegiok Atlantikoko olatuen kontra borrokatzen dute eta olatuak zorabiatu egiten dira haien aurka jotzen duten bakoitzean.
Amildegiek Napoleonen garaiko gerran suntsitutako gotorleku batetik hartu zuten izena. Egungo dorrea, O'Briens's Tower, gotorleku haren lekuan eraiki zuten 1853an. Bertatik oso paisaia ederra ikusten da, eta diotenez, eguraldi ona dagoenean, Aran irla ere ikus daiteke.
Amildegiotako beste ikuskizun eder bat hegaztiak dira. Arrailetan hamaika itsas hegaztik habia egin ohi dute: kaioak, itsas lertxoinak, uherroiak Zenbaitetan milaka hegazti ikusten dira hegan amildegien aurrean.
Irla honetako beste hainbat toki bezala, Cliffs of Moher gune turistiko bihurtu da. Aparkalekua badu, beraz, eta han oso ohikoa da musikariak edo dantzariak diru eske topatzea. Amildegietatik oso gertu, bestalde, Doolin herria dago; herri hau ere oso turistikoa da eta bertan kale musikari asko daude. Jakina, ohiko pub-ak ere ez dira falta.
Telesaioetan behin baino gehiagotan erakutsitako paisaia ederrak ikusi eta gero, leku zoragarri horiek benetakoak ote diren galdetu ohi diogu gure buruari. Oraingoan, aldiz, lekuotako bat ezagutzeko aukera izan dugu. Benetakoa da, eta ezin ederragoa, zinez.